Pandemiak eragindako egoera sozio-ekonomikoak gero eta jende gehiago bultzatu du kalegorrira. Eta bazterketa sozial arrisku larrian dauden eta beraz, egoera horren zorian diren beste 1.000 pertsona daude Gipuzkoan (EAEn 2.800) Caritas Gipuzkoak egindako azken azterketaren arabera. «Egoera horretara eramaten dizun arriskuan dauden pertsona asko dago, etxe okupatuetan edota familia babes-sarerik gabe eta baldintza oso prekarioetan», dio Ainara Garciak, Caritaseko Donostiako Hotzaldi zentroko arduradunak.
Erakundeak Donostian dituen bi gaueko aterpetxeetan 700 lagun artatu zituzten iaz, eta Donostian 150 pertsona inguru kalegorrian daudela identifikatu zuten 2020ean. Halere Kale Gorrian ekimenak bi urtetan behin egin ohi duen zenbaketa ez zen urte hartan egin. Eta beraz, datu ofizialik ez dago. Baina datuak eguneratu orduko gora egingo dutelakoan dira. Kontuan hartu behar baita, 2018an EAE mailan 2.000 etxerik gabeko pertsona identifikatu zirela, eta horietatik 323 kale gorrian lo egiten zuten, horietatik 84 Donostian.
Anartean, zifrak bikoiztu egin dira Donostian izan ezik, lurraldeko bigarren hiria den Irunen ere. 2018an 14 pertsona zenbatu baitziren kale gorrian lotan ari zirela. Baina Udalak egindako azken inkestetan 40tik gora litaizke, horietatik 29 Zubia zentroan artatzen dituztelarik. Caritas-ek ez du bertan aterpetxerik. Baina gutxienez 40 lagun dira kalegorrian. Hala, joan den urtarrilean ‘Bide Lagun’ kaleko akonpainamendu programa martxan jarri berri du Caritas-ek. «Momentuz hasi besterik ez da egin, baina bolondresak antolatzen ari dira gauetan premia gorrienak asetu, esku bat bota eta kale gorrian direnei gizarteratze programetara hurbiltzen saiatzeko», dio Garciak.
Izan ere, pandemiak beharrak handitu egin ditu. «Kale gorritikan ateratzea da gure helburua, baina Hotzaldi gaueko zentro bat izanik, gaur egun 24 ordutan irekia dugu, otorduentzako eta goxo egon ahal izateko», azaldu digu zentroko arduradunak. Caritas erakundeak iaz 1,7 milioi euro bideratu zituen gizarte laguntza hau segurtatzera, baina beharrak handitzen doazten heinean gizarte erakundeek ez ezik, administrazio publikoek ahalegin ekonomiko handiagoa egin beharko luketela diote.