1936ko gerra ondotik Celestina Miranda Bengoetxeak berreskuratu zuen ohitura gorde nahi du Emeki emakumeen elkarteak. Honek egin ohi zuen bezala «etxeko arropa zaharrak jantzi, koloretsuak ahal bada, buruan amonaren zapela, aurpegia kortxo sutan berotu eta beltzutua inokr ez ezagutzeko» eta baserriz-baserri inauterien poza eta irrintzien algararekin udaberria esnarazteko deia luzatu dute otsailaren 26an.
Urterik oparoenetan Akartegi, Zimizarga eta Gornutz nekazal auzoetan hogei bat baserri bisitatu izan dituzte puskak biltzen. Montañea, Errandonea, Guadalupe aldeko Postigu baserria, gero Lujune aldera, farola ingurura ere, eta Zelestina Mirandaren bizitoki izandako garaiko Leriñenea baserriraino. Ondoren bildutako puskekin bazkaria antolatzen dute Emeki elkartean.
Emeki elkarteak 1992an berreskuratu zuen usadio zahar hau. Tamara Sastrek, elkarteko presidentak aitortzen duenez, «inork ez daki ongi nondik datorren, baina ohitura oso zaharra dela bai». Hala, parte hartu ohi duten ohiko 20 bat auzoko emakumeez gain, haur eta familiekin partehartzera animatu nahi ditu aurten «pandemiaren geldialdia gaindituta» berreskuratzen dute. Garai batean Saindutik partitzen ziren, orain aldiz, Jaizkibel akanpalekuaren kanpoaldean egin dute deialdia, larunbatean, 10:00etan.