Pandemiari aurre egiteko larrialdi egoera bertan behera utzi bada ere, «ezin dezakegu pentsatu dena pasatu denik» nabarmendu du Txomin Sagarzazu alkateak. Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioei jarraiki aurtengo inauteriak egokitzea erabaki du Hondarribiko Udalak. «Inauteriak beharrezkoak ditugu, sozializatzeko, giro alai eta dantzan ospatzeko», aitortu du alkateak, «baina horregatik osatu dugu programazioa, aurten guztiz osoa izango ez bada ere» argitu du.
Gauzak horrela, egutegia eta programazio bere horretan mantenduko dute, larunbateko herri bazkaria izan ezik. Eta desfilearen ibilbidea aldatu eta partehartzeko muxukoa ezinbestekoa izango da. Kalixa Silanesek, Kultura zinegotziak azaldu duenez, «jende pilaketak sahiesteko, konpartsa eta eragileekin hala adostuta, Gabarraritik aterako dira eta San Juan de Dios biribilgunetik dena xuxen joango dira Portua zeharkatuz, Sabin Arana, Bernat Etxepare, Zuloaga kalea eta Itsasargin bukatuko da». Baina desfileak ez du Portu auzoan itzulia emango.
Gainerako hitzorduak bere horretan
Igandeko aldaketaz haratago, gainerako hitzorduak mantenduko dituzte. Hau da egitaraua:
• Osteguna, otsailak 24: Kalejira Alde Zaharretik zehar, Musika eta Dantza eskolako ikasleek musikatuta, 18:00etatik aurrera.
• Ostirala, otsailak 25: «Unic@s» antzezlana Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan.
• Larunbata, otsailak 26: Mairuak. Emeki Emakume elkarteak antolatuta, Jaizkibel kanpin paretik irtengo dira 09:00etan. Arratsaldean, 15:30ean, Meakako adiskide eta Hego Ipar euskal dantzako dantzariak baserriz baserri arituko dira.
• Igandea, otsailak 27: Konpartsen desfilea. 10:30etan hasiko da Gabarrari kaleko biribilgunean. Lehenik konpartsa txikiak aterako dira, erdian Abiyuan txaranga eta azkenik konpartsa handiak: Pilar Peña, Kuki dantza taldea, Carlos Zapirain, Amaiur Dantza taldea eta Amute Kosta auzo elkarteko karroza.
• Astelehena, otsailak 28: Kartel lehiaketaren sari banaketa, udaletxeko areto nagusian 19:00etan. Gaurtik aurrera ikusgai daude Arma Plazan parte hartu dituzten lanak, guztira 7 izan dira. Erakusleihoen lehiaketa ere abian da gaurtik eta otsailaren 28 arte. Bi sari emango dituzte: epaimahaikideena eta sare sozialen bidez egingo dena.