Jaizkibel zaintzeko udal basozaina eta famili-ugariak zaintzeko araudi aldaketa nahi du Abotsanitzek

Antxeta Irratia 2022ko ots. 22a, 00:00

Otsailak 24ean (18:00etan) otsaileko udalbatza izango da Hondarribian. Eta oposiozioko udal talde nagusiak bi mozio aurkeztuko ditu bertan. Batetik Jaizkibel mendian udal basozain postua sortzeko eskaera. Natura 2000 Sareko eremu babestua izanik, azken urteetan neolitiko garaiko ondare historikoen zein landarediaren kontrako hamaika eraso salatu ditu Abotsanitzek. Eta joan den udazkenaz geroztik, talde ekologistek salatutako hegazti babestuen kontrako tiroketak ere ikertzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, ehiza-postu lerro oso bat itxi behar izan zutelarik.

Diputazioko Mendiko Zerbitzuak basozain bat lanean baldin badu ere, Hondarribiko Udalak hainbat eskumen ditu Jaizkibel mendian. Aiako Harriko natur parkeak bost udalerritan banatuta dituen 6.806 hektareak zaintzeko bi udaltzain basozain ditu Irunek, bere aldea kontrolatzeko. Aldiz, Jaizkibel mendian ez dago udal basozainik 2.470 hektareetarako.

Familia ugariak bigarren eskuko etxeetan kalteberak

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bigarren eskuko etxebizitzen eskualdaketaren araudia aldatu dezala eskatu du oposiozioko udal talde nagusiak. Familia ugariek soilik lau logeletako etxebizitzak eskura ditzaketelako. «Etxebizitza publikoa eskuratu nahi duten famili-ugari horien gehiengoak, hiru logelatako etxeetan bizi dira merkatu pribatuan, eta logikak dio metro karratuetara egokti behar dela araudia eta ez logela kopuruetara», dio Igor Enparanek.

Izan ere, egungo araudiaren ondorioz, hainbat dira herrian kaltetuak sentitzen diren familia ugariak. Dagoeneko eraikiak dauden eta bigarren eskuko aldaketan zozketatzen diren etxeetan lau logelako eskaintza oso urria da. Hala se,erik gabeko bikote gazte batek hiru logelako etxe baterao eskubidea duen bitartean, bost edo sei kide dituen familia ugariei eskubide hori ukatzen ari zaie gaur egun.