Kandido Saseta omenduko dute Hondarribiko hilerrian bere heriotzaren 85 urteak oroitzeko

Antxeta Irratia 2022ko ots. 22a, 00:00

Otsailaren 23 honetan 85 urte beteko dira Kandido Saseta hondarribiarra hil zutenetik. Euzko Gudarosteko Lagun Gudalburua izan zen eta bera oroitzeko asmoz, lore eskaintza herrikoia antolatu du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, otsailaren 26an Hondarribiko hilerrian 12:00etan.

Bidasoko herritarrei loreekin bertaratzeko deia egin die talde memorialistak, eta horrez gain, ekitaldian ‘Txikia’ abestia kantatuko dute. Izan ere, Telesforo Monzonekin lotura egin nahi izan du elkarteak. Peli Lekuonak esan digunez, «75 urte betetzen dira ere, ‘Gudarien Ekinak’ liburua plazaratu zuela, eta bertan ‘Txikia’ olerkian aipatzen zuen Saseta txikia zela, baina sekulako adorea eta militarki Euzko Gudarosteak izan duen figura nabarmenena zela». Gainera, urtean zehar poesia, kantua eta dantza ardatz izango dituen emanaldiak gauzatuko dituztela jakinarazi dute ere.

Kandido Sasetaren gorpuzkinak 2008ko martxoaren 14an aurkitu zituzten Arecesen (Asturias) beste ehun bat gidariren gorpuak ere lurperatuak zeuden lekuan, gehienak EAE-ANVko militanteak. Orduz geroztik, Sasetaren gorpuzkinak bere herriko hilerrian atseden hartzeaz gain, memoria eta erreparazioaren bidean hainbat urrats eman dira bere jaioterrian. Udalak omenaldia eskaini zion, eta 2017an herriko plaza bat ere eskaini zitzaion Muliateko etxe berrien aurrean.