Itsaso zakarragatik alerta horia iragarria zutenez, ez dira berdelaren kanpainaren lehendabiziko egunean ahal zuten arrantzontzi guztiak itsasoratu. Halere, Eugenio Elduayenek, Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak esan digunez, astelehen hontan eman diote «pistoletazo de salida» kanpainari Gipuzkoako 70 bat baxurako arrantzontzik. Hilabete eta erdi inguru iraungo du kanpainak, martxoaren amaiera bitartean. Baina 9.000 tona inguruko berdel kuotarekin sareekin (zerkoan) ari direnek astebeterako baizik ez dute izango. Iaz ere astebetean agortu baitzuten kuota, eta aurten%2 gutxiago dute.
Hondarribiko 29 ontziek parte hartuko dute, berdelarekin ez bada jarraian hasiko duten antxuaren arrantzarekin. Kasu honetan iazko kuota berbera mantentzen dute. Halere, «zaila izango da aurten kanpaina errentagarri bat egiten». Elduayenen arabera, arrantzontzi handiek batez bestean 180.000 litro gasoil xahutzen baitituzte kanpaina osoan, eta erregaien prezioak kezkatzen ditu. «Antxuaren tamaina eta kalitatearen arabera balioko du kontserberetarako, eta itsasoak esango du zer den eta zer ez den, gero kofradian subastaren prezioa ere ez dago gure baitan, baina gasoila da gure Damoklesen ezpata», dio kofradietako arduradunak.
Nolanahi ere, arrantzaleak itsasoan ditugu berriz ere lanean, eta laster izango ditugu lehendabiziko berdelak fresko eskuragarri arraindegietan.