Hernaniko BHI institutuko 16-17 urteko ikasleek Irungo Harrera Sareko bolondresek egiten duten lana ezagutzeko bisitan izan dira. Bi egunetan 110 ikaslek egin dute, migranteek gauero egin ohi duten tren geltokitik Gurutze Gorriak Arretxe Gaina duen aterpetxerainoko bidea. Bertan dublinatuak direnak edota espainiar estatuan urtebete daramaten migranteei kale gorrian uzteko eman ohi dizkieten arrazoien berri jaso dute. Eta bertatik San Juan plazarako bidea ere egiteko aukera izan dute. «Gure ideia zen errealitatea bertatik bertara ikustea, enbarazu egiten bagenuen ez, baina gauza bat da eskola dinamikan migrazioa aztertzea, eta beste bat bertatik bertara ikustea», dio Mikel irakasleak, adin honetan gaia aztertu eta izpiritu kritikoa pizteko helburuarekin aurten egindako lana aipatuz.
Izan ere, Hernaniko Ahmer elkartearekin bertako migrazioari buruz informatu eta gero, Amets Arzallus gonbidatu zuten berak idatziriko ‘Miñan‘ liburua irakurri eta gero, Harrera Sareko bolondresa den hendaiarrarekin solastatzeko. Aita Mari erreskate-ontziari buruzko dokumental bat ikusi dute. «Baina Irunen, harrituta geratu dira ikusi dutenarekin», dio irakasleak, «eta honek jarraipena izango du Hernanin». Izan ere, Harrera Sareak Irungo Kale Nagusian duen ‘ropero’ra bisita egin ondoan, migranteek bereziki motxilak eta telefonoak behar dituztela jakin izan dute, eta ikasleak materiala biltzeko kanpainari ekin diote, institutoan bertan eta Hernani osora hedatuko duten dinamika batekin eragile bilakatuz.
Migrazioaren errealitate gordina etxe ondoan
Euskal Herria bitan banatzen duten Irun-Hendaia eta Behobia-Pausu arteko frantses poliziaren 24 orduko kontrolak eguneroko ogia dira bidasotarrentzat. Aldiz, estatuen politika migratorioen ondorioz, Irungo Harrera Sareak hainbatetan salatu dituen kontrol arrazial horiek, trantsitoan diren migranteen ibilbidean oztopo larria bilakatu dira frantses estatuan Vigipirate plana abian jarri zutenetik.
Urnieta eta Hernaniko ikasle hauek euren larrutan bizi ahal izan dute hori. Avenida Zubiko oinezkoentzako mugako zubira bisita ere egin ahal izan baitute. Hesiak mugitu eta erraz pasa zezaketela uste zuten, baina saiakera egin bezain pronto «ziztu bizian hasi dira gendarmeak mobilizatzen, eta atzera egiteko ohartarazten», dio ikasleetako batek, «normalean migrazioa urrun gertatzen den zerbait dela dirudi, gogorra da pentsatzea etxetik 30 kilometrora hau gertatzen ari dela».