Aurrekontua %50a emendatu nahi du Urruñako auzapezak, alokairu soziala, trantsizio energetikoa eta laborantza bultzatzeko

Antxeta Irratia 2022ko ots. 17a, 00:00

Elgarrekin Urruña gobernuko udal taldeak aurkeztutako lehen aurrekontu proiektuak ikusmina eta eztabaida piztu du asteazken gau hontako herriko kontseiluan. Izan ere, aurreko udal gobernuak aurkeztutako azken budjetarekin alderatuz 2 milloi euro gehiago bideratzea aurreikusten du. Oposizioak, aurrekontuak jasotzen dituen lehentasun batzuekin ez da ados, eta diru iturrien emendio bat beharko dela argudiatu du zalantzan jartzeko.

Philipe Aramendi auzapezak iragarri duenez, agintaldi osoan 20 milloi euroko inbestizamendua aurreikusten du, urtean 5 edo 6 milloi euro. Aurrekontuaren ildo nagusiak, etxebizitza, hiribarnea arraberritzeko lanak, mugikortasuna eta ingurumenarekin loturiko proiektuak proposatu dituzte. Eta ekonomian ere engaiatuak dira ASFko abandonaturiko egoitza bat erosi eta agroekologia formakuntza zentroa, baita ekonomia sozial eta solidario polo bat sortzeko ere. Etxebizitza politikan, «eraiki ere egin beharko bada ere, ahal den neurrian alokairu sozialera bideratzeko etxe pribatuak» erosteko asmoa du Aramendik. Kontuan hartu beharbaita, legez 11.000 biztanle dituen Urruñako herrian bizitoki sozialek %25a beharko luketela, eta une honetan %11 besterik ez dutela suposatzen. Aurrekontua, hurrengo herriko kontseiluan bozkatuko dute.