Hegalak Zabalik Fundazioak ‘Desberdintasuna bizi’ solasaldia antolatu du Oiasso Erromatar Museoan. Aurretik Donostiako Tabakaleran egindakoaren bide beretik, aniztasun funtzionala duten pertsonekin loturiko aurreiritziak apurtzen saiatuko dira. Izan ere, Euskadin 80.000 pertsona inguru daude, desberdin jaio direlako edo eritasun arraro baten ondorioz, eguneroko bizitzan aparteko zailtasunik ez dituzten pertsonen gauza beretsuak egiteko, beste bide bat bilatu edo gaitasun bereziak garatu behar dituztenak.
Horietariko hiru dira Zuriñe Anzola, Miren Martiarena eta Juncal Cepeda. Azken honekin hitzegiteko parada izan dugu. Irundarra da eta osteogenesi inperfektoa (kristalezko hezurrak) duenez, aulki gurpildunean dabil. Gizarteak inklusiboagoa izateko urratsak eman baditu ere, oraindik ere gehienetan egokitu behar direnak aniztasun funtzionala duten pertsonak direla aitortu digu. Baina «desberdin» hitzak duen esanahi negatiboa uxatu nahi du, eta solasaldia umore onez jantzi nahi izan dutela aipatu digu «bizitzan, denontzat, ez bakarrik aniztasun funtzionala dugunontzat, umorea zailtasunak gainditzeko tresnarik hoberena delako».
Argi du berak Oiasso museoan bilduko diren hiru emakumeak, horixe bera besterik ez direla. «Hiru emakume normal, bata itsua edota bestea aulki gurpildunean dabilena, beste batek ile horia eduki dezakeen bezala, denak gara desberdinak, eta denok ditugu muga eta ezgaitasunak». Aurreiritziak apurtzeko ezagutza beharrezkoa denez, hitzaldira hurbiltzeko deia luzatu die bidasotarrei.
Oiasso Erromatar Museoan, otsailak 17an, 18:30etan izango da ate zabalik.