Hitzarmen duina aldarrikatu dute Irungo garbitzaileek udaletxeko atarian

Antxeta Irratia 2022ko ots. 16a, 00:00

Irungo udal eraikinetako eta (HH zein LH) eskoletako garbitzaileek kontzentrazioa egin dute gaur udaletxe aurrean. Langile komitea ordezkatzen duten ELA, LAB eta CCOOeko kideek bilera egin dute kontratazioetaz arduratzen den udal ordezkariekin. Izan ere, 80 langile hauek Samyr enpresarentzat lan egiten badute ere, azken batean, udalak azpikontratazioa esleitzeko ezarritako plieguetan oinarritzen dira euren lan baldintzak.

LAB sindikatuko Ainara Etxabidek salatu duenez, «Udalak lan baldintza prekarioetara kondenatzen ditu langile hauek bere lehiaketa publikoen baldintzetan ez duelako KPIaren eguneraketa ezta lan baldintza duinak aintzat hartzen». Zentzu honetan, Euskal Herri mailako arazo orokortua dela oroitarazi dute. Lehiaketara aurkezten diren enpresen eskaintza ekonomiko merkeenak irabazi ohi duelako.

Irungo garbitzaileen gehiengo batek hainbat enpresa ezagutu dituzte urteotan. Samyr enpresa estatala da, eta bi urtetarako esleitua du zerbitzua. Baina aurretik bezala (Eulen) ondotik ere, beste enpresaren bat iritsiko da, eta langileak subrogatuko dituzte berriz ere. Lan baldintzak, aldiz, ez dira inoiz hobetzen. Samyr enpresak langileen lan baldintzak hobetzea udalaren eskumena dela esan die oraingoan. Izan ere, besteak beste, KPIa soldatetan eguneratzea ez dago azpikontratazioaren baldintzetan aurreikusita ere.

Ainhoa Etxarri, ELA sindikatuko ordezkariak nabarmendu duenez, eraikinetako langileek kaleko garbitzaileek baino%15 soldata apalagoa dute, urtean 3.300 euro. Eta kalean egoteagatik jasotzen dituzten plusak kontuan hartuko balira, aldea urtean %27koa litzateke, 6.600 eurokoa. «Kaleko garbitzaileen kolektiboaren gehiengoa gizonezkoa den bitartean, eraikinetakoa sektore feminizatua da», oroitarazi du Arretxek. Genero soldata arrakalarekin amaitzeko lan hitzarmen duina aldarrikatzen dute.

 

Erlazionatuak