Irungo Udaleko Berdintasun arloak ‘Emakumeen Ahalduntze Eskola’ martxan jarriko du 15. urtez. Iaz antolatutako 9 ikastaroetan 170 emakumek parte hartu zuten, eta ikastaroak dohainik direnez geroztik, plaza guztiak bete ohi dituztela nabarmendu dute udal ordezkariek.
Miren Etxebeste, Berdintasun ordezkariaren arabera, gizarte patriarkalak inposatutako «mugak eta mitoak» apurtzeko, eta autoezagutzaren bitartez «norbere burua den bezalakoa onartuz» eraldaketa aldarrikatzeko helburua dute ikastaro hauek. Autoezagutza eta autoestimua bultzatu, eta emakumeen arteko harremanak ere, kolektiboki saretzeko baliagarriak dira.
Aurtengo erronka nagusia, aldiz, emakume gazteak ere ikastaroetara erakartzea dute. Eta horretarako, «Bizitza Ziklikoak Arakatuz (Ziklo Menstruala)» espreski hilerokoari buruzko hiru saioko tailerra edota Emagin elkarteak proposatutako autodefentsa feminista ikastaroa ere antolatuko dute maiatzaren 12tik ekainaren 2ra. Bestalde, Amaia Urieta terapeutaren eskutik «Jainkosaren Esnatzea» ikastaroan autoezagutza bultzatuko dute, eta Aitziber Aguinagalderekin, aldiz, euskal matriarkatuari buruzko mitoak apurtuko dituzte «Bazen Behin Euskal Matriarkatuaren Mitoa» hiru saioko tailerrean.
Hitzordu guztiak Palmera-Montero gunean eskainiko dituzte. Eta izen-ematea (dohainik) internet bidez egin beharko da www.irun.eus Udalaren webgunearen bitartez, otsailaren 23tik martxoren 11 bitartean.