Udal eraikinetako eta kaleko garbitzaileen arteko soldata arrakala salatu du ELA sindikatuak Irunen ere

Antxeta Irratia 2022ko ots. 15a, 00:00

Joan den abenduan ELA sindikatuak Hondarribiko udal eraikinetako eta eskoletako garbiketa kudeatzen duen ISS enpresako langileek bizi duten egoera salatu zuen. Eta orain, Irunen egoera errepikatzen dela ohartarazi du. Sektore hau feminizatua dagoela kontuan hartuta, Irungo Udalak SAMYL enpresari esleitua dio, eta Irungo emakume garbitzaile hauen soldata%15 apalagoa da, gizonak gehiengo diren kaleko garbitzaileen kolektiboarenekin alderatuta. Urtean 3.300 euro gutxiago jasotzen dituzte, eta kalean egoteagatik jasotzen dituzten plusak kontuan hartzen badira, aldea urtean %27koa litzateke, 6.600 eurokoa.

Ainhoa Arretxe, ELAko Zerbitzuetako ordezkariak azaldu digunez, arazoa zerbitzuak esleitzerako garaian sortzen dira. «Kontua da lehiaketa publikoak puntuatzerakoan, enpresek egin ditzazketen eskaintza ekonomiko merkeenak garrantzi handia dutela, eta klausula sozialik gabe, prezio merke horiek lan baldintza prekarioak ondorioztatzen dituzte», kexu da. Zentzu honetan, SAMYL enpresarekin biltzen dabiltza langileak baina inongo aurrerapausorik gabe soldata arrakalaren aferan. Eta ELA sindikatuaren arabera, «Udalak du gatazka hau konpontzeko eskumena».

Hau dela eta, otsailak 16an, asteazken honetan udaletxeko kontratazio arloa kudeatzen duen zinegotziarekin bilduko dira. Eta bilera bitartean, 11:15ean kontzentrazioa egingo dute udaletxe parean, San Juan plazan.

Anartean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuak ere grebara joango dira otsailaren 22, 23, 24 eta 25ean.