‘Desberdintasuna Bizi’-tzeko helburuarekin aniztasun funtzionala ezagutara emango dute Oiasson ostegunean

Antxeta Irratia 2022ko ots. 15a, 00:00

Hegalak Zabalik Fundazioak ezgaitasunen bat duten pertsonei buruzko mitoak eta beharrak aztergai jarriko ditu ostegun hontan Irunen. Oiasso Museoak mahaingurua antolatu du (18:30ean) irabazi asmorik gabeko erakunde honen eskutik, museoa espazio irekia eta bizia dela erakutsi nahian.

Aizpea Goenaga, museoko zuzendariak azaldu digunez, Txillida Leku eta Tolosako txotxongiloen Topic museoarekin batera, ezgaitasunen bat duten pertsonek, egunerokoan topatzen dituzten oztopoak gizarteratu nahi dituzte. Kirol egokitua eta ezgaitasunen bat duten pertsonen integrazioa bultzatzen du Hegalak Zabalik erakundeak. Euskal Herrian halako mugaren bat duten 80.000 pertsona daude, baina gainerakoek ez dute beti aintzat hartzen.

Oiasso Erromatar Museoak, aldiz, urteak darama eginahaletan. Aurten ikusmen murriztua duten pertsonentzako bisita gidatu bereziak antolatu ditu, eta irisgarritasun neurri guztiak egokituak ditu. Oraingoan, urrats bat haratago joan nahi izan dutela azaldu digu zuzendariak. Historia eta arkeologiatik haratago, eragile soziala ere badelako.