Beltxarga edo zisne beltza (Cygnus atratus) Australiako espezie endemikoa bada ere, Bidasoa ibaia zuen bere bizileku joan den otsailaren 3an piraguista batek paladaka akatu zuena. Irundarren artean tristura eta zalaparta handia sortu du gertaerak, eta sare sozialetan emandako eztabaidaren ondotik, neurriak hartzeko zein sentsibilizazio kanpainak abiatzeko sinadura bilketa baten abiatzeko deialdiak ere eman dira ezker-eskuin. Elgarrekin Podemos udal taldeak, aldiz, gaiak udalgintzan lantzeko moduko pisua duelakoan, adierazpen instituzionala lantzeko proposatu du Udal Bozeramaileen Batzordean.
«Irungo Udaletik biziki deitoratzen dugu zisne beltzaren hilketa, eta erabat arbuiatzen dugu basoko zein etxeko animaliekiko tratu txar oro», argitu dute. Baina animaliak babesten dituzten legeak daudela, eta era berean, badiako eremu osoa eta estuarioa KBE, HBBE, Ramsar eta Natura 2000 Sarearen baitan babestua dagoenez, erasoa larriagoa dela diote, «zisnea bere habitat babestuan zegoelako eta erasotzailea animaliaren naturgunea inbaditzen ari zelako».
Bestalde, beltxargaren erailketak, beste batzuei egindako erasoek (arku tiroz zauritu zuten bat iaz), aisialdi gisa basa-animaliak elikatzeak edo Osinbiribil inguruan gertatzen diren botiloien hondakinek erakusten dute, haien ustetan, ingurune natural hori ez dela errespetatzen. Horregatik guztiagatik, Irungo Udalak Adierazpen Instituzional horren baitan, zenbait konpromiso hartu ditzala aldarrikatu du talde politikoak.
1- Urrats sendoak ematea bizikidetza eta baldintzak hobetzeko basafaunarekin zein etxeko animaliekin.
2- Komunikazio-kanpaina oso bat egitea inguruan ditugun eremu babestuei buruzkoa eta eremu horietan gaudenean nola jokatu behar dugun azaltzeko.
3- Jarduera eremu babestuetan garatzen duten kirol kluben lankidetza bilatzea, erabiltzaileei ingurumeneko jardunbide egokiak zeintzuk diren irakasteko.
4- Eremu babestuetan bizi diren animalien eta landareen bizi-zikloetarako egutegi egokia ezartzea, gizakiok ziklo horiek alda ez ditzagun, gure jarduerak ziklo horietara egokituz.
5- Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari badiaren ingurumena lehengoratzeko urratsak lehenbailehen egin ditzaten eskatzea (Txingudiko Plan Zuzentzailearen bidez), eta Aiako Harria Parke Naturaleko erabiltzaile guztiei zuzendutako informazio kanpainak egin ditzaten eskatzea.