San Juan inguruan kotxeak kenduko dituzte oinezkoentzat 7.000 metro koadro irabaziz

Antxeta Irratia 2022ko ots. 11a, 00:00

Espainiako Gobernuak 2020ean onartutako Larrialdi Klimatikoaren Legera egokitzeko lehen urratsa eman nahi du Irungo Udalak. San Juan plaza inguruko Legia, Berrotaran, Foru karrikak eta Genaro Etxeandia plaza «isuri apaleko eremu» bilakatzeko hirigintza proiektu berria aurkeztu berri du horretaraok. Izan ere, 50.000 biztanle baino gehiagoko hirietako erdiguneak Zero Isuri Eremuaren irizpideak bermatu beharko dituzte etorkizunean. Eta Irunen Mugikortasun Jasangarrirako Planak erdigunearen eremua zein izango den oraindik zehaztu ez badu ere, San Juan inguruko eremu hau barnebilduko du.

Borja Olazabal, Mugikortasun Jasangarrirako ordezkariak azaldu digunez, «anbizio handiko proiektua da, irizpide maximoak beteko dituelako eremu honek iada». Hala, autoak kendu eta oinezkoentzat espazio publikoa irabazteaz gain, berdegune berriak sortuko dituzte (bereziki Genaro Etxeandia plazan). Orotara 7.000 metro koadro baino gehiago berreskuratuko dituzte helburu horrekin.

Auto-oinezkoen egungo desoreka

Udalak egindako azterketen arabera, irundarrek eguneroko desplazamenduen %50a oinez egiten dituzte, baina erdiguneko espazioaren %75a trafikoak okupatzen du, bide eta aparkalekuekin. Etorkizuna bestelakoa da, eta irizpide horiekin ari dira lanean, oinezkoentzat erdigune eroso, jasangarri eta berdeago bat lortzeko helburuarekin.

Hirigintza proiektuak aldaketa zenbaitzuk aurreikusten ditu hau ahalbidetzeko. Aipatutako kaleetan 54 aparkaleku kenduko baitituzte: 14 Legia kalean, 14 Foruen karrikan, 9 Berrotaran kalean eta 17 Aldapeta kalean. Aldiz, ingurukoetan soilik egoiliarrentzako 57 berri egokituko dituzte. Bestalde, Berrotaran kalea trafikoarentzat itxiko denez, Artaleku (Pio XII-Lapitze) aldera Pikoketa kaletik igo ahal izateko, Beraketa kalearen norantza aldatuko dute. Horrela, Nafarroa hiribidetik autoz datoztenak Iparralde etorbidean Pikoketa kalera sartu ahal izango dute.

Obra proiektuaren aurkezpen publikoa egingo dute udaletxeko areto nagusian otsailaren 11 honetan bertan. Eta aldez aurretik ere, auzo elkarte, merkatari eta ostalariekin partekatu dute. Udalak obra proiektua apirilan esleitu ahal izatea espero du, eta lanak 2022 honetan bertan hasi ahal izatea.

 

Erlazionatuak