Txomin Sagarzazuk «errealitatea bere interesen arabera bihurritzen» duela leporatu dio Abotsanitz taldeari, eztabaida sortua duen gai bati «irtenbidea ematen lagundu beharrean», haien egia «inposatu eta besteen jokabidea lohitu nahi» izaten dutelako.
Hondarribiko alkateak Abotsanitz udal taldeak aste honetan egindako salaketa larriei erantzun berri die. Sagarzazuk Antxeta Irratian Bidasoa Ospitaleko eraberritze proiektuari buruzko informazioak ez dituela oraindik behar haina jaso segurtatu eta gero, oposizoko udal talde nagusiak alkateak «talde politikoei, herritarrei eta komunikabideei informazioa ezkutatu izana» leporatu dio. Uztailaren 28an ospitaleko obra baimena dekretu bidez izenpetu zuelako, eta joan den martxoan Osakidetzak egin beharreko obraren lizentzia Hondarribiko udalean erregistratu zuela argudiatuz. Abotsanitzen arabera, gertatutakoa «oso larria da, eta Hondarribiak ez du halako alkaterik merezi».
Txomin Sagarzazuk, aldiz, Abotsanitzek udal gobernua desakreditatzeko estrategia baten baitan, «errealitatea bere interesen alde manipulatu» duela egotzi die. Alkatearen arabera, Abotsanitzek ez ditu oraindik 2019ko hauteskunde-emaitzak onartu, eta «agintaldi osoan zehar bezala, berriz ere errealitatea bihurritu egin dute, eta eztabaida sortua duen gai bati irtenbidea ematen lagundu beharrean, haien ikuspuntua ezarri nahi dute egia bakarra eta ukiezina izango balitz bezala eta besteen jokabidea lohitu nahi izaten dute».
Alkateak obra baimena eman izana ezkutatu duenik ukatu egin du, obra eskaera orok bere prozedura jarraitzen duelako, eta eskatutakoak legea betetzen badu «dekretua sinatzera behartua» dagoela oroitarazteaz gain, erregistro guztiak publikoak direla, eta beraz, zinegotzi guztien eskura daudenez, publikoak direla nabarmendu du Sagarzazuk. «Erabakia ez da diskrezionala, ez da norberaren gustura egiten den zerbait. Abotsanitzek badaki hori, baina ez du hori kontatu, interesatzen ez zaiolako, edo okerrago dena, pentsatzen duelako lizentziak nahierara emango lituzkeela», gaineratu du.
Era berean, obra baten baimena onartu izanak, ez du proiektu osoaren berri duenik esan nahi Sagarzazuren arabera. «Obrari buruzko plan funtzionala baimentzea ez dagokio udalari, Osakidetzari baizik. Eta eskatua dugu ezagutzea, baina guk oraindik ez dugu ezagutzen. Abotsanitzek bai eta ez digu besteoi kontatu?»