Bortzirietan ere, Bidasoa Ospitalea ezinbestekoa dutelako elgarretaratzea eginen dute Lesakan larunbatean

Antxeta Irratia 2022ko ots. 11a, 00:00

Osasun Bidasoa Plataformak joan den astean Irunen eta Hondarribian antolatutako elgarretaratze jendetsuen ondotik, otsailaren 12an, larunbatarekin, Lesakako Plaza Zaharran mobilizatzera deitu ditu 8.000 bortziritarrak ere. Azken hilabeteotan Bortzirietako bost herrietako agintariak Osakidetzak ospitalearen eraberritze lanei buruzko informazio argia eman diezaien eskatu dute. Baina orain artean, ez dute deus argitu ahal izan. Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea kezkaturik agertu da Antxeta Irratian. «Bidasokoa ez da Hondarribiko edo Irungo ospitalea bakarrik, larrialdietarako bortziritarron erreferentziazko azpiegitura da ere, eta Donostiara joan behar izateak kaltetzen gaitu sobera», dio. Obra proiektua teknikoek jakingo dutela aitortu du, baina argi du zerbitzuaren kalitatean ezin dela murrizketarik eman, eta herritarren ongizatea lehenetsi behar dela. «Premisa hori hartuta, dena eztabaidatu ahal da, baina bortziritarren ongizatean ez dugu atzerapausorik eman nahi», argitu du.

Zentzu honetan, Irungo alkateak egindako adierazpenekin, eta beraz, plataformaren aldarrikapenekin bat egiten du Lesakako alkateak. Eta Osakidetzari zein Osasunbideari ebakuntza-gelak obra denboran atxikitzeko aukera aztertu dezatela, eta mahai baten eratzeko galdegiten die. «Dena eztabaidatu ahal da, baina bortziritarren ongizatean ez dugu atzerapausorik eman nahi. Erantzun garbia baldin bada, eta ez badago beste aukerarik mahai baten bueltan azaldu daiteke, zerbaitengatik aukeratu izanen dute hau, baina azalpenak jaso ahal izatea da gutxieneko premisa», kexu da. Bortzirietako herritarren osasun zerbitzuak jokoan daudela deritzo, eta «osasun publikoa defendatu» beharra dagoela «inoiz baino gehiago» nabarmentzen du.

Horiek hala, larunbatean Lesakako plazan ahal bezainbeste jende biltzeko deia luzatu du Satrustegik.