Musikaren alaitasunaz gozatuz, pandemia alboratzeko Tempoa markatuko du Musika Eskolak astebetez

Antxeta Irratia 2022ko ots. 11a, 00:00

Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak ‘A Tempo’ zikloaren bosgarren edizioa aurkeztu du gaur. Maialen Agirresarobe artista eta musika eskolako ikasle ohiak eginiko kartela buru dutela, otsailaren 14tik 19ra eskolako 300ndik gora ikasleekin prestatutako astebeteko programazioa ospatuko dute. Esther Barandiaranek, eskolako zuzendariak aitortu duenez, «momentu honetan ilusio handia jarri behar da edozer gauza egiteko, eta mimo handiz prestatu dugu astea, betiere gozatzeko eta ikasten jarraitzeko helburuarekin».

Zentzu honetan, pandemia denbora honetan, non ikasle asko konfinatuak egon diren ikasturte honetan, «garai zail hauetan sentitzen duguna» oso kontuan hartu nahi izan dute. Eta horregatik, ikasleentzat eta irakasleentzat ere, tailer desberdinak antolatu dituzte astean zehar.

Formakuntzan oinarritutako astea

Oihulari Clown taldeko Virginia Imazek ‘Como nos nutre la creatividad en el dia a dia’ hitzaldia emango die, umore onez. Eta haur txiki eta ikasle koxkorragoei zuzenduta ere, arnasa hartzen ikasteko, mindfullnes saioekin lasaitzeko eta estresa sahiesteko estrategiak ikasteko tailerrak izango dira.

Bestalde, San Telmo Museora ateraldia antolatu dute ‘Baginen Bagara’ emakume artistei buruzko erakusketa ezagutzeko. Eta musika emanaldiei dagokienez, gurasoei zuzendutako audizioa egingo dute otsailaren 18an ikasle helduenek. Aldiz, astea borobiltzeko, eskolako 17 disziplinetako ikasleek denei irekitako kontzertua emango dute Portuko elizan.