DokuIrun zikloaren eskutik, ‘Fantasia’ dokumentala ikusteko aukera emango dute otsailaren 11 (19:00) honetan Irungo Amaia Kultur Zentroan. ‘Aitor eta Biok’-en sortzaileetatik, Aitor Merino aktoreak zuzendurik «familiaz, zahartzaroaz eta memoriaz» mintzo den dokumentala dela nabarmendu digu egileak. Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen eta oso kritika onak jaso ditu lanak.
Aitor Merinok dioenez, duela sei urte Mediterraneoan egindako kruzero-bidaia batetan grabatutako irudiekin ekoitzitako dokumentala da. Fantasia zuen izena itsasontziak, eta hortik lanaren izenburua. Baina fantasiatik gutxi du. Zehazki pelikula bat egingo zuenik ere jakin gabe grabatutako irudi ikusgarri eta esanguratsuetaz pozik dago. Ondoren ohartu zen irudiek zuten indarraz, eta bere gurasoen egunerokoaren erretratu errealista egin zezakeela. «Kamera bat etxean sartzen duzunean, gauza arruntak grabatzen dituzu, eta gero pantailan ikustean ohartzen zara ez direla hor betirako geratuko maite dituzun pertsonak», dio Merinok.
Hala, gurasoei deus esan gabe hasi zen dokumentala montatzen, eta hasieran erreparoz hartu bazuten ere, orain protagonista bilakatuta, Irungo Amaia Kultur Zentroan ere izango dira Aitorrekin batera, emanaldiaren ondoko solasaldian familiaz, zahartzaroaz eta memoriaz, funtsean, bizitzaz hausnartzeko.