Joan den otsailaren 7an, astelehen goizean, Osasun Bidasoa Plataformako ordezkaritza bat Bidasoa Ospitalera gerturatu zen. Osakidetzak martxoan abiatuko dituen ebakuntza-gelen «eraberritze obraren prestaketa edo atariko gisa» ulertu duten ebakuntza txikien kirofanoaren lanak hasi baitituzte. Jakinaren gainean, dagozkien baimenak betetzen ote zituzten egiaztatzeko bertaratu ziren, eta Hondarribiko Udaltzaingoari deitu zioten horretarako. Behin ospitalean, udaltzainek ospitaleko zuzendaritzari obra-baimena eskatu zioten, eta obrak gelditu egin behar izan zituzten. «Behaginak kanporatu zituzten eta lanak gelditu, beraz, uste dugu arazoren bat zegoela baimenekin », dio Ibai Labaienek, plataformako kideak dio nolanahi ere «honi esker denbora pittin bat irabazi» dutela.
Osasun Bidasoa Plataformatik erne jarraituko dute. Izan ere, joan den astean Irunen eta Hondarribian egindako kontzentrazioen ondotik, otsailaren 12an Lesakako herriko plazan Bortzirietako bost herriek bat egingik deitu dutenarekin, hasierako aldarrikapenekin jarraituko dute. «Gure helburua da otsailaren 19an manifestazio erraldoia egin ahal izatea Irungo San Juan plazatik 18:00etan abiatuta», argitu du Labaienek.
Halere, jakitun dira Osakidetzak herritarren, osasun langileen eta (Hondarribiko alkatea izan ezik) eskualdeko agintari guztien eskaerari entzungorrarena egin diela. «Pentsatzen genuen mahai baten inguruan proiektua lasaitasunez adosteko aukera emango zutela, baina kontrakoa egin dute, obra lehenbailehen hasteko gauzak bizkortu dituzte». Horregatik, otsailaren 19ko manifestazioak inoiz baino oihartzun handiagoa ukan dezan antolatzen ari dira.