Badira zenbait hilabete Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik duela adineko pertsonekin lanean diharduten irabazi asmorik gabeko erakundeekin elkarlanean hasi zela. Horretarako, Adinekoen Mahaia eratu zuten, besteak beste, Nagusilan, Kasino Zaharra edota Afagi bezalako elkarteekin. Adineko pertsonen egoera eta beharren araberako zerbitzuak egokitzeko premia identifikatu dute. Baita herriko gizarte zerbitzuen zein haientzako baliabideen ezagutza norainokoa den argitu beharra ere.
Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak argitu duenez, azterketa soziologikoak egiten dituen IKEI enpresak inkesta telefonikoa egingo du otsailaren 14tik aurrera. «Pandemiaren konfinamendu garaian 65 urtez gorakoekin harremanetan sartu ginen Udaletik, haien egoeraz interesatzeko, baina diagnostiko hau askoz ere zehatzagoa izango da», argitu du. Izan ere, herrian dauden 75 urtez gorako 2.200 bat herritarren artean, euren etxeetan bakarrik bizi diren 563 inkestatuko dituzte. Eskutitza igorri diete aldez aurretik, eta laguntza behar dezaketen adinekoen kasuan, inkesta egiteko senide baten laguntza ere adostuko dute.
Inkestaren metodologia eta helburuei dagokienez, IKEI enpresako Laura Lopezek zehaztu du, jasotako informazioa baliagarria izango dela etorkizunean udal zerbitzuak haien beharrak asetze aldera egokitzeko. «Bakarrik bizi baldin badira ere, babes sare soziala eta laguntza ote duten, bizi diren etxearen baldintzak eta irisigarritasuna, behar ekonomikoak, egin ohi duten jarduera fisikoa eta euren osasun egoera, edota teknologia berriekin nola moldatzen diren galdetuko zaie», azaldu du. Izan ere, pandemiaren ondorioz eta banketxeekin ere, internet bidezko izapideak geroz eta beharrezkoagoak diren honetan, «adinekoen arrakala digitala» ere aztertu nahi dute.