Hondarribiko 15 haur parkeetatik bat estaliko du Udalak herritarrek erabakita

Antxeta Irratia 2022ko ots. 9a, 00:00

Duela bi hilabete Hondarribiko Udalak abian jarritako udal aurrekontuen partaidetza prozesuaren emaitza jakinarazi du Maria Serrano zinegotziak. Aitortu duenez, ez da nahiko luketen «bezain irekia izan prozesua», elkarteekin eta eragileekin aldez aurretik adostutako bost proiektuen artean bozkatzeko aukera eman bada ere, ez baita prozesua hastapenetik bururaino modu partehartzailean eraman. Baina dinamika baten abiapuntutzat jota, balorazio baikorra egin du udal ordezkariak lehen aldia izanik «bere alde on eta hobetu beharrekoekin».

Orotara 710 herritarrek parte hartu dute prozesuan, eta profil nagusia 30-49 urte bitarteko emakumea izan dela nabarmendu dute. Eta bost proiektuen artean, herriko 15 haur parkeetatik bat estaltzea izan da bozkatuena, bozka guztien %35arekin.

Haatik, proiektuak ez du oraindik aurrekontu finkorik. «Proiektuaren azterketa egiteko konpromisoa eta aurrekontua bideratu genuen, eta haur parke bat ala bestea izan asko aldatu daitekeenez, udaberriko kreditu aldaketan txertatuko da obrarako diru partida», argitu du Serranok. Nolanahi ere, 2022ko bigarren seihilekoan burutuko dute obra. Orain azterketa teknikoa egingo dute, herrian dauden 15 haur parkeetatik zein estaliko duten erabakitzeko. Eta horren arabera ondoko erabakiak hartuko dituzte.

Aurtengoa abiapuntu

Datozen urteei begira prozesu partehartzaile honek hobera besterik ezin du egin. Abiatzen den guztia bezala, «bidea ibilian egiten da» aitortu du zinegotzi jeltzaleak, «aurten martxan jarri nahi genuen, baina ez genuen udalean gure burua gai ikusten prozesu handiago bat antolatzeko». Halere, heldu den urtean errepikatu ez ezik, hobetzeko zein aukerak dauden 2023ko udal aurrekontuak begiztatzen hasi orduko aztertuko dituztela iragarri du.

 

Erlazionatuak