Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkateak Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelen eraberritze proiektuarekin kezkatuta dagoela adierazi zuen joan den astean Antxeta Irratian. Eta garrantzi handiko proiektuaz jabetuta dagoela, Gotzone Sagarduy sailburuari galdegindako informazioa jaso arte ezin zuela jarrera zehatz bat adierazi. «Baina informazioa jaso ezean, beste neurri batzuk hartu beharko ditugu», iragarri zuen.
Azalpen hauek ez dira Abotsanitzek gaur salatu dituen informazioekin inolaz ere eusten. Proiektuari buruz informazio eskaxa zuenik zalantzan jarri du oposizioko udal talde nagusiak. Abotsanitzek dioenez, obraren proiektua martxotik Hondarribiko Udalean dagoela jakin izan du aste honetan. Eta uztailaren 28an Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko obretarako lizentzia eman zuela Txomin Sagarzazu alkateak berak sinatuta dekretu bidez. Gainera, Osakidetzak iazko martxoaren 4an Hondarribiko Udalean obraren proiektua erregistratu zuen. Eta beraz, Abotzanitzek dio alkateak proiektuari buruzko xehetasun guztiak dituela joan den udaberriaz geroztik. «Alkateak informazio hau ezkutatu egin digu zinegotzi, herritar eta komunikabideei ere», salatu dute. Izan ere, Antxeta Irratian esandakoez haratago, Osasun Bidasoa Plataformarekin bilkuran informazio eskaxaren argudioa berretsi zien. Eta urriaren 28ko osoko bilkuran, Abotsanitzek aurkeztutako mozioaren eztabaidan ere ez zuen honen berririk eman.
Abotsanitz Udal Taldeak gertatutakoa oso larria dela uste du. «Ikusita herritarrak zein kezkatuta dauden gai honekin, oso larria da alkateak kirofanoak berritzeko proiektua ezagutzen zuela ezkutatu izana eta, batez ere, obra baimendu izana».