VIA IRUN 2030: hiria transformatuko duen hasierako asmoetara berriz ere lotzeko proiektu estrategikoa aurkeztu du EAJk

Antxeta Irratia 2022ko ots. 7a, 00:00

Irungo etorkizunerako ezinbesteko proiektu estrategikoa da Via Irun. Azken 20 urteotan mahaigainean aztergai izan den «aukera historikoa» gal ez dadin, irundarren interesen alde indarrak batzeko deia luzatu die EAJk alderdi eta erakunde guztiei. «Hiriaren transformaziorako ametsa da», nabarmendu du Xabier Iridoy jeltzaleak. Baina borondateak batuz egingarria dela pentsatzen du. Horregatik, Espainiako aurrekontuetan EAJko parlamentariek negoziatutako Via Irun proiektua «hastapeneko irizpideetan oinarrituta» exekuzio proiektua garatzeko milioi euroko diru partida dagoela oroitarazi dute. Jose Antonio Santano alkateak lidergoa erakutsi beharko duela diote jeltzaleek, «ADIFek bizi duen paralisia gainditu, eta proiektua erdibidean gera ez dadin».

Izan ere, 2018an udal gobernuak ADIFekin batera onartutako exekuzio proiektua “inflexio puntua” izan dela adierazi du Iridoyk. «Egun batetik bestera proiektua deskafeinatu egin zuten, 60 milioi euroko tren geltoki berria segurtatuz eta sarbidea Aduana kaletik bideratuta, baina hasiera bateko 360.000 metro koadroko eremua hunkitzen zuen proiektua 65.000 metro koadrora murriztuz», salatzen du. Jeltzaleen arabera, «proiektu horrek ez ditu hiriak behar dituen beharrak eta arazoak konpontzen, ikuspegi erredukzionista du». EAJren iritziz, tren geltokiaz haratago joan beharra du, hiri osoaren transformazioa ekarriko duen epe luzerako ikuspegiarekin landu beharra dagoelakoan. «Orain planteatzen denak, ez ditu, 2011 urtean Irungo udaletxean Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ADIFek eta Udalak izenpetutako protokoloaren irizpideak errespetatzen. Ezta 2015ean Hirigintza Plan Orokorrak aurreikusitakoak ere».

Zabaltza plaza lau adinako espazio berria

Zentzu horretan, XXI. mendean Irungo hiriak «etorkizunera begira» jarriko duen Via Irun 2030 proiektua bultzatu nahi dute jeltzaleek. Duela 150 urte trena hirira iritsi zenetik irundarren bizimodua eta hiriaren garapena bera ere, baldintzatu duen trenbidearen orbana deusezteko aukera da. Hortaz, Udalak orain proposatzen dituen 65.000 metro koadroez gain, trenbideen 20.000 metro koadro estaltzea jasotzen du geltokitik Colon ibilbideako zubiraino, «Zabaltza plaza adinako lau hiriarentzat irabaziz».

Horri esker, «hirigunea handitu, herritarrentzako espazio berde berri bat sortu eta trenbide eremuak sortzen duen orbana desagertarazi» ahalko da. Izan ere, hiria bitan banatzen du trenbideak, eta Colon ibilbideko zubia zirkulazio-lepo bat suposatzen du ere. «Espazio berri horrek oinezkoentzat ez ezik, ohiko garraioarentzat eta bidegorri sarea egokitzeko aukera emango luke, hiria bertatik lotuaz», iragartzen du Iridoyk. Bide berri horrek San Migel-Pinudia eta Pio XII (Lapitze auzoa) plaza lotuko lituzke, hirierdia handituz, eta bide batez, autobus geltoki berriarentzat sarbide berri bat ahalbidetuko luke.

Era berean, eremu berri horretan jarduera ekonomiko berria bultzatu ahalko litzateke. Baina funtsean, hiriaren etorkizuneko hirigintza eta mugikortasun garapenak bideratuko lituzkeelakoan sinisten dute jeltzaleek. Eta gaur egungo «hirigintza aberrazioa» konponduko luke.

Borondate falta

Hau guztia gauzatu ahal izateko inbertsio publiko handia beharko litzateke. Aztertua dutela iragarri du Irungo EAJk, baita egingarria dela segurtatu ere. «Borondate kontua da, besterik ez», dio Xabier Iridoyk, «EAJ alderdi osoa, maila guztietan lanean ari da burubelarri honetan» argitu du. Haatik, Jose Antonio Santano Irungo alkateari lidertza hartu eta proiektu berbideratzeko ardura duela.

Izan ere, ADIFekin sinatutako exekuzio proiektu murriztuaren ondotik, erakunde honen borondate falta sentitzen dute jeltzaleek. «Tren geltoki berriak Euskotrenbidea (topoa) barneratu beharko luke nahitatez, intermodala izateko, baina hor ere ez dirudi ADIFek trenbide eremua horretarako lagatzeko prestutasuna duenik», kexu da Iridoy. Egoera ikustia eta «aukera historikoa ezer ezean geratu baino lehen» bertatik eta Espainiako Gobernuraino behar den lekuetan proiektua borrokatzeko eskatu diote alkateari. «Irundarrok merezi dugun etorkizuneko hiria orain erabakiko da, eta ez dugu zergatik bigarren mailako hiritarrak izan behar», aldarrikatzen dute jeltzaleek.

Herritarrei Via Irun 2030 proiektua helarazteko 26.000 esku-orri desplegable argitaratu dituzte, egunotan postontzietan banatzeko.