Astelehen honetan hasi da, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean torturapean ateratako testigantzak aintzat hartuta Iratxe Sorzabalen kontrako epaiketa. Ehun urteko espetxe zigorra galdegiten dizkiote, eta haren sustenguz jendetza bildu zen larunbatean Irungo San Juan plazatik Zabaltza plazarako bidean Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak taldeak antolatutako manifestazioan. ‘Salbuespenezko epaiketarik ez! Torturarik ez! Iratxe etxera!’ lelopean preso irundarrak eta beste hainbatek jasandako torturak salatu zituzten. Eta argi utzi nahi izan zuten, Sorzabalen atxiloketatik 21 urte betetzear direla “oraindik ere torturen ondorioak pairatzen” ari dela, eta “tortura haien ondorioz eginiko autoinkulpazioak direla epaituko dituztenak.
Izan ere, torturapean eginiko polizia deklarazio haietatik lau prozedura judizial ireki zizkioten. Horietako bat duela urtebete justizia frantsesak atzera bota zuen tortura zantzu argiak zeudelako. Baina torturak aitortuta ere, frantses justiziak espainiaratu egin zuen joan den urtarrilaren 15ean epaitua izan dadin. Aritz Sorzabal senidearekin mintzatu gara, eta itxaropenik ez dutela nabarmendu du. «Inpotentzia handiarekin bizi dugu, zintzotasunez esango dizut ez daukagula inolako esperantzarik», dio epaiketaren emaitzari buruz, «Frantziako gobernua ere konplize da euroagindua onartu zuelako, torturapean egindako autoinkulpazioaz gain beste inolako frogarik ez dagoenean». Baina aurten (irailaren bueltan) Frantzian duen kondena amaituko duen heinean, epaiketa honen helburua argi dagoelakoan daude senideak.