Joan den urtarrilaren 27an Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna zela eta, Irungo udal talde politiko guztiek ahobatez onartutako adierazpen insituzionalari jarraipena eman diote gaur. Faxismoaren biktimen gune sinbolikoa den Avenida Zubian lor-eskaintza egin dute udal ordezkariek, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza ere gonbidatuen artean zelarik.
Halere, omenaldiko protagonista nagusiak naziek deportatutako Irungo biktimen senideak izan dira. Udaleko Memoria Historikoko arlotik egin duten ikerketa bati esker, orain artean ustez naziek deportatutako 20 irundarren zerrenda 27ra luzatu baita. Eta orain artean bildutako informazio guztiarekin batera, ‘International Center on Nazi Persecution - Arolsen Archives’ zentrotik eskuratutako dosier bana eman diete eskura senideei.
27 irundar deportatuak gogoan
Aitzol Arroyo, Memoria Historikoko udal teknikaria pozik agertu da egindako ikerketen emaitzarekin. Garai haietan dagoeneko Ipar Euskal Herrian zein Frantzian 36ko gerla garaitik erbesteratutakoak ziren batzuk, eta Irundik frankismoak zuzenean naziei salatutakoak beste batzuk, Alemania naziaren kontzentrazio-esparru eta akabatze-esparruetan bukatu zuten 27 irundar identifikatu baitituzte. «Rot spanier edo espainiar gorri bezala deportatu zituzten» argitzen du Arroyok. Horietariko hiru betirako desagertu ziren, ustez, akatuak izan zirelako. Haien artean aurkitzen da Victor Garcia Serrano Retegui. Amaia Garcia Serranoren osaba zen, eta «berandu bada ere, sekulan baino hobe» delakoan, kontent agertu zaigu Antxeta Irratian holokaustoaren Irungo biktimen errekonozimenduagatik.
Hau da, irundar horien zerrenda: Elias Aguilar Olmo, Jose Maria Aguirre Salabarria, Jose Alzuri Larretxea, Segundo Aranguren Arrizabalaga, Antonio Berbeita, Mariano Busto Oca, Jose Casal Añorga, Luis Dupain Muguruza, Francisco Galvez Arias, Pedro Garcia De Diego, Enrique Garcia Perez, Victor Garcia Serrano Retegui, Eugenio Ali Ferrero, Juan Jose Acen Iriarte, Agustin Herrero Barreno, Santiago Huerta Etxeberria, Carlos Lekuona Rekarte, Jose Martiarena Amantegui, Francisco Martinez Eizaguirre, Felix Martinez Eizaguirre, Manuel Mitxelena Oiarzabal, Martin Mitxelena Oiarzabal, Vicente Retegui Etxeberria, Francisco Rodriguez Garcia, Vidal Villanueva De La Noya, Ramon Zuazo Del Puerto eta Tomas Zubizarreta Lazkano.