Hondarribiko alkatearekin aritu gara blagan. Txomin Sagarzazuk Udalak 2022an dituen herriko proiektu, asmo eta erronka nagusietaz. Joan den abenduan oposizioko udal talde guztien kontrako bozkarekin onartutako udal aurrekontuari esker, 24 milioi euro baino gehiago izango ditu Udalak aurten herriko zerbitzuak kudeatu eta martxan mantentzeko, zein herriko proiektu berriak garatzeko ere.
Pandemiak baldintzatutako agintaldi honen azken txanpan, herria indarberritzeko helburua duela nabarmendu du. Eta kontu kontari, etxebizitza, herriko berhiritartze obra nagusiak, mugikortasuna, Kasino Zaharra adinekoen etxearen eta Saindua gaztelekuaren egoera, euskararen erabilera herrian, eskualdeko mugazgaindiko harremanak aipatu ditu.
Hirigintza mugikortasunari lotuta
Mugikortasun jasangarriaren haritik, Portua auzoko plana, minibusaren proiektua eta hirigintzan eragina izango duten obrak ere aipatu dizkigu. Izan ere, herriko 14 kale berhiritartzea izango da hirigintza arlotik proiektu nagusia 2022 honetan. Itxuraldatzea baino, aldaketa sakona egingo dutela iragarri du alkateak. «Mugikortasun beharrei egokitu nahi ditugu kaleak, urtebetean ezingo ditugu kale guztiak egin, baina 2022ko martxotik aurrera hasi daitezke lanak».
Partehartze prozesu batekin adostutako Kosta kalekoaz gain, Sabino Arana, Bidasoa etorbidea, Txiplau, Baserritar etorbidean Talaia Alai programari lotuta edota bidegorria integratu nahi duten Donostia kalean hobekuntzak egingo dituzte.
Etxebizitza eta familia zaurgarrienak
Gazteek eta familiek duten etxebizitza arazoari buruz ere mintzatu da. Presa eremuan 66 alokairu sozialen eraikuntza aurten martxan jarri, eta Damarriko proiektuari bultzada emateko erronka dutela. Dena den, aitortu du jakitun dela etxebizitza behar handia dagoela herrian. «Etxebizitza beharra dagoela ezin da ukatu, baina HAPOak hankaz gora jarri du».
Nolanahi ere, pandemiaren unerik gorrienean abian jarritako babes-neurriak bere horretan mantenduko dituztela oroitarazi du alkateak. Gizarte zerbitzuetara lehen baino beharretan den jende gehiago hurbiltzen dela aitortu du, «nahiz eta ohitura ez duenari lotsa eman» laguntza eskatu behar izatea. Dena den, diru partidak arlo sozialean segurtatuak daudela eta gehiago behar izanez gero lehentasuna izango dutela iragarri du.
Entzuleen kezkak, Bidasoa Ospitalea eta Alardea
Antxeta Irratiko entzuleen galderei erantzuteko prestutasuna agertu du ere alkateak. Bidasoa Ospitalearen berritze lanei buruz edota Alardearen gatazka ere izan ditu hizpide. Osasun Bidasoa Plataformak mobilizazioak azkartu dituela kontuan hartzen du Sagarzazuk, baita Bortzirietako bost alkateek zein Irungoak ere adierazpen ofiziala egin dutela aldarrikapenekin bat eginez.
Aldiz, Hondarribiko Udalak Gotzone Sagarduy Osasun sailburuari egindako bilera eskaerak ez du erantzunik jaso oraindik. «Ospitalearekin kezkatuta gaude, ikusten dugulako proposatu den 18 hilabeterako proposamena ez dugula ezagutzen, eta espero dut informazioak laster jasotzea, bestela, beste neurri batzuek hartuko ditugu», iragarri du. Halere, berritze lanak beharrezkoak direla azpimarratu du, eta ebakuntza gelak Donostiara eraman behar izatea obra guztiek sorrarazten dituzten aldibaterako ezbehartzat jotzen du.
Alardeari dagokionez, pandemia denbora honetan elkarrizketa prozesua geldirik egon dela aitortu du. Baina aurreko astean berriz ekin diote udal taldeek «eztabaidari bidea emateko bilerei». Horretan Sagarzazuk argitu nahi izan du prozesuak badituela bere erraztaileak, eta Jeny Pierce Hondarribian izan dela egunotan eztabaidaren parte diren alde guztiekin hitzegiteko. Eta bera alkate gisa denekin hitzegin duela eta hitzegiteko prest dagoela argitu badu ere, ez du uste Udalak duenik aterabidearen giltza, bitartekariaren funtzioa baizik.
Halere, «elkarrizketarako behar handia dago, baita aterabide bat bilatzeko ere», uste du, are gehiago 2022 honetan «zorionez» ospatzerik bada. «Hala bada, pozez, baina arduraz eta kezkaz».