Atzo Hezeguneen Munduko Eguna zela probestu zuen Eusko Jaurlaritzak, Txingudiko Plaiaundi hezegune babestuan egingo dituen inbertsioen berri emateko. EAEn 508 hezegune daude, eta Txingudikoa nazioarte mailan garrantzi berezia aitortua du.
Sailburuak Txingudiko Badiaren inguruko natura-guneen konektibitatea leheneratzeko eta hobetzeko Plan Zuzentzailearen esparruan azken lau urteetan, 2,3 miloi euroko inbertsioa eginez, aurrera eraman diren jardueren balantzea egin du. Baita aurrera begirako proiektuetan egingo duten 4,6 milioi euroko inbertsioaren berri eman ere.
Iragarri duenez, San Lorenzo urmaelaren proiektua bururaino eramateko, hasierako 2,7 milioi euroko proiektua hobetu egin dute, eta Europako dirulaguntza funtsari esker, San Lorenzo urmaelaren azalera handituko dute. Otsailaren 14an aurkeztuko dute proiektua xehetasunez, Txingudiko Plan Zuzentzailearen Mahai Inter-instituzionalaren bileran.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak hitzemandako bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbidea sortzea aztergai dute oraindik. Hendaia, Irun eta Hondarribia Plaiaunditik lotzeko, dagoeneko azterketa geoteknikoak eta topografikoak egin dituzte, eta Irungo Pierre Lotitik Hendaiarekin lotuko luke bidegorriak. Jaitzubiako padurak inguratzen dituzten bidezidorren sarea ere osatu nahi dute Zaldiferra eta Bekoerrota eremuetan.