Azken hilabeteotan bisitari andana erakarri dituen ‘Hadrianoren Harresia’ erakusketa buruatu eta, maiatza bitartean ikusgai izango den mostra berria aurkeztuko du otsailaren 4an Oiasso erromatar museoak. Oraingo honetan Maria Intxaustegi urpeko arkeologak antolatutako ‘Aingura Litikoak Gipuzkoan’ izeneko erakusketa proposatuko digute. Eta estreinekoan haren eskutik bisita gidatua ere izango da 19:00etan. Aizpea Goenaga, Oiasso museoko zuzendariak azaldu digunez, «erakusketan Gipuzkoako itsas hondoetan, badia eta estuarioetan aurkitutako harrizko bederatzi aingura ikusi ahal izango dira». Manu Izaguirre urpeko arkeologoak jaso eta aztertu zituen ehundik gora piezen lagin txiki bat dela nabarmendu du. Eta haren lekukoa hartu zuen Maria Intxaustegik haren omenez antolatutako erakusketa honetan, erromatar garaitik hasi eta erdi aroraino erabilitako piezak ikusi ahal izango dira.