Aldaketa klimatikoari tenorez aurreratu beharra dago. Horretan ari da Eusko Jaurlaritza Ura agentziaren bitartez uholde arriskuei egokitzeko aurkeztu berri duen 100 milioi euroko inbertsioarekin. Baina Lakuako gobernuak egindako kostaldeko babes-azpiegituren azken azterketen arabera ere, Hondarribiko Kai Berria sendotu beharra dago. Baita Getaria edota Mutrikukoa ere.
Hortaz, olatuen eta itsasoaren maila gora doanez, arrantza portua babestua eta bere jarduera normaltasunez jarrai dezan 2 milioi euroko inbertsioa egingo dute Hondarribian. Portu Zuzendaritzak gaur aurkeztu duen obraren arabera, Kai Berriko kanpo dikea sendotzeko 5 eta 18 tona arteko 1.988 bloke jarriko dituzte datozen 12 hilabeteetan. Aitor Etxebarria, Eusko Jaurlaritzako Portu zuzendariak nabarmendu duenez, «siderurgiako hondakinetatik eratorritako materialez egindako blokeak dira, ohiko harri edo hormigoizkoak baino dentsitate handiagokoak». Aste honetan hasiak dira lanen lehen fasearekin, blokeak Kai Berriraino garraiatzekoak.
Barkuak gobernatzeko zailtasunak
1930. hamarkadan eraiki zuten girixi kaia edo kai berriaren lehen zatia, azken hamardakotan zabaldu egin zuten Kofradia berriarekin batera. Eta hobetze hortan, aldaketa klimatikoaren mehatxuei aurreratu nahi izan diete obra honekin. Norberto Emazabel, Kofradiako abade nagusia pozik agertu da. «Azken laupabost urteotan somatzen hasiak gara aldaketa, barkoak gobernatzeko zailtasunak ditugu kaia barrenian, txikote gehiago behar dira lotzeko, eta motorra piztuta euki badaezpada», esplikatu digu, itsaso handiko egunetan kaiak ez duela garai bateko babesa eskaintzen baieztatuz.
Halere, urtebeteko obra denboran, arrantzaleek zailtasunak iragarri dituzte euren egunerokoan. Izan ere, 2.000 blokeak kai berrira eramateko, herri osoa gurutzatuko duten kamioietan sartuko iritsiko dira. Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkateak ere iragarri du datozen egunetan «ordu erdiro halako kamioi batek» zeharkatuko duela herria. Bestalde, 12 hilabeteotan ere, kai berriko muturreraino joateko bidea itxita egongo da.