Ospitaleko berritze lanak geldiarazteko mobilizazioak azkartuko dituzte

Antxeta Irratia 2022ko ots. 2a, 00:00

Abenduaren 11 milaka lagun Irungo karriketan bildu bazen ere, Eusko Jaurlaritzak entzugorrarena egin die Osasun Bidasoa Plataformak luzatutako eskaerei. Lau egun beranduago Bidasoa Ospitaleko bloke kirugikoaren berritzeo obraren kontratua esleitu baitzuen. Proiektuari buruzko informazio gardena ez ezik, osasun langileek ohartarazitako gabezien aurrean, martxoan hasiko omen duten obra gelditu eta negoziazio mahai baten eratzea aldarrikatu dute hilabeteotan plataformatik. Baina orain, mobilizazioak azkartuko dituzte.

Ibai Labaien plataformakideak esan digunez, «manifestazioaren indar erakustaldiarekin pentsatzen genuen, agintariek entzungo gintuztela, baina dena bizkortu egin dute, eta berriz ere kalera atera beharretan gaude, haien borondatea ez delako entzutearena». Inoiz baino tinkoago mobilizatzeko asmoa dute. Eta Irunen ez ezik, hilabeteotan mugimendura bildutako herri guzietan. Elgarretaratzeak deitu dituzte batetik: otsailak 2an 18:00etan Irungo San Juan plazan, otsailaren 5ean 12:00etan Hondarribiko San Pedro kalean (Sare konpontzaileen plazan) eta Lesakan otsailaren 12an. Eta bestetik, oraindik zehazteke dagoen manifestaldi berri bat deituko dute hilaren 19an Irunen.

Anartean, Bortzirietako bost alkateek joan den astean egindako adierazpen instituzionalaren hari beretik, Irungo alkatea Jose Antonio Santanok ere, ospitaleko berritze lanak gelditzeko adierazpena adostu berri du Bozeramaileen Batzordearekin. Hondarribiko alkateak, aldiz, ez du momentukotz adierazpen ofizialik egin. Udalak Gotzone Sagardui Osasun sailburuari bilera eskaera luzatu zion abenduan informazio eske, baina ez dute bilera egin denik baieztatu ere egin.

 

Erlazionatuak