Indarkeria matxistarik gabeko jendartea orrialde bakarrean irudikatzeko azken egunak

Antxeta Irratia 2022ko ots. 2a, 00:00

Parean elkarte feministak otsailaren 10ean itxiko du Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren zazpigarren edizioan lanak entregatzeko epea. Orrialde bakarreko ipuinak jasoko dituzte gazte zein helduen kategoriatan, euskaraz eta gazteleraz.

Urte gutxiren buruan literatur lehiaketa bat baino zerbait gehiago bilakatu dela aitortu digu Oihana Llorentek, Parean elkarteko kideak. «Lehiaketa baino, indarkeria matxistaren kontrako ariketa edo hausnarketa bultzatzeko ekimena ere bada», dio. Nagore Laffagen amak Asun Casasolak eramandako borroka omendu nahian hasi ziren, eta dagoeneko mundu osotik jasotzen dituzte lanak. «Urtero 500 lan inguru, Hego Ameriketatik ere. Baina euskaraz idazten duten horiei ahalegin bat eskatu nahi diegu aurten», argitu du. Horretarako ere, eta «etorkizuneko belaunaldia» delako, gazteriari luzatu diote deia. Ikastetxeekin ari dira urteotan elkartetik, berdintasun gaiak landuz, eta 16 urtez beherakoen parte hartzea bultzatu nahi dute edizio honetan.

Indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatzeko ahaleginetan, ipuinak gogoetarako eman dezala proposatzen dute.

Esan bezala, otsailaren 10 hontan itxiko dute lanak entregatzeko epea internet bidez, eta martxoaren 8aren bueltan egingo dute sari banaketa. Xehetasun guziak www.asuncasasolaipuinak.eus webgunean aurkituko dituzue.