25 urte darama lanean Irungo HAZ-SAC zerbitzua. 1997an Zabaltza plaza atzealdeko Bartolome Urdinso kaleko egoitzan hasi zenetik, asko aldatu da zerbitzua. Udalak alokairuan zuen egoitza batean hasi eta 2013an San Martzial kaleko bulego berrietara lekuz aldatuz. Eta garai berrietara etengabe egokituz. Aurrez-aurreko harreraz gain, 010 telefonoa martxan jarri zuten lehenik, eta 2000. urtetik aurrera garatzen hasi ziren administrazio elektronikoak, eta ondoko Irun Txartelak eragindako jauzi kualitatiboa hor dugu. Gaur egun erabiltzaileen %63ak burutzen baititu internetez bere izapideak. Hala, herritar orok tramite txikiena egiteko egin beharreko bulegoz-bulegoko erromesaldia lehio bakarrean eta minutu gutxiren buruan konpondu dezake gaur egun.
Horretarako, udaletxeko departamenduen arteko lankidetza eta lan egiteko moldeak eraldatu behar izan zituzten. Eta agirien digitalizazioa bultzatuta ere, ISO kaliatearen agiria eskuratuta, Irungo Udalaren SAC-HAZ zerbitzua aintzindari izatetik erreferente bilakatzera pasa da mende laurden baten buruan.
Jose Antonio Santanok, Irungo alkateak nabarmendu duenez, «herritarrei administrazioarekin gauzak errazteko helburua du, ez mareatu behar izatea leku batetik bestera». Eta zentzu horretan, zerbitzuaren «bikaintasuna» nabarmendu du. Izan ere, urteotan egindako inkesta desberdinetan herritarrek hobekien baloratutako udal zerbitzuen artean kokatu dute beti.
Mende laurden honetan 2 milioi pertsona iragan dira bere bulegoetatik aurrez-aurreko kontsultak egiteko. Eta hastapen-hastapenetik bertan lanean izandu den Izaskun Larrarterekin, HAZ-SAC zerbitzuko egungo zuzendariarekin hitzegin dugu.