Kontratu laburrek, prebentzio formakuntza eta segurtasun neurri eskaxek hiltzen dutela salatu dute Irunen

Antxeta Irratia 2022ko urt. 31a, 00:00

Lan istripuen oinarrian kasualitateak ez du lekurik sindikatuen arabera. Joan den astean Irungo Arbes auzoan lan istripuan bizia galdu zuen Xabier Lazkano eraikuntza sektoreko langilea gogoan, «Lan Istripu Gehiagorik Ez!» lelopean elgarretaratzea egin du astelehen honetan euskal gehiengo sindikalak Dunboako anbulategiaren aitzinean.

Bertatik hurbil dagoen Arbesko Errota kaleko eraikin baten zaharberritze lanetan, hirugarren solairu batetik aldamiotik erorita hildako beharginaren isitripuan, patronalaren eta agintarien ardura aldarrikatu dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. LABeko eraikuntza sektoreko Asier Calderonek azaldu duenez, “eraikuntza ezin daiteke irudikatu lan istripuen zulo beltza bezala, baina bigarren hildakoa da 2022 honetan, eta argi dago arrisku zehatzak dituzten sektoreetan agintariei neurriak exijitu behar zaizkiela”. Izan ere, Irunen gertatutako istripuan egun bakarra zeraman lanpostuan, eta hirugarren estaia batetik erori zen heinean, behar bezala lotuta ez zegola agerikoa da.

Halere, sindikatuen arabera, prekarietatea dago lan istripu ororen oinarrian. “Prebentzioaren formakuntzari ez zaio behar garrantzia eta orduak eskaintzen, segurtasun neurriak ez dira beti aplikatzen, eta lan kontratu laburretan langileak balio duela erakutsi nahian lan erritmoak ere lotura handia dute istripuekin”, salatu du Calderonek.

Sindikatuetatik haratago, Irungo ezker abertzaleak ere prekarietatea hiltzailea dela, eta laneko segurtasun eta prebentzio neurririk eza salatzeko elgarretaratzea deitu du Irungo San Juan plazan, astelehen honetan bertan arratsaldeko 19:00etan. Ezbeharrez edo istripuetaz mintzatu baino, “terrorismo patronalaz” mintzatu beharko genukeela salatu dute.