Ziztaka kolektiboak azken asteetan Irungo udal talde politikoei zein auzo elkarteei aurkeztu dien Kafe Antzokiaren proiektuak harrera baikorra jaso du. Beñat Alzagak, Ziztakako kideak Antxeta Irratian aipatu duenez, PP alderdiarekin izan ezik, gaineraok talde politiko guztiekin bildu dira, eta EAJ, Elgarrekin Podemos eta EH Bilduk proiektua begurunez hartu dute. «Proiektua beharrezkoa ikusten dutela ere esan digute», gaineratzen du. PSE alderdiaren kasuan, aldiz, baikor hartu dute proposamena, baina ondo aztertu ondoren zenbait ekarpen egingo dizkietela iragarri diete.
Auzo elkarteen kasuan, «denetan salbuespenik gabe ondo hartu dute proiektua eta hainbat ekarpen egin dituzte». Behin iritzi guztiak bildu eta aztertu ondoan, Harreman Biraren bigarren itzuli bat egiteko asmoa du Ziztakak. Oroitaraziz, beti ere, proiektuak «presa baino, oinarri sendoak» behar dituela. Zentzu horretan, azken hiru urteotan 150 lagun baino gehiagoren parte hartzeari esker eramandako prozesuan zehaztutako proiektua dela oroitarazi dute.
Balizko Kafe Antzokiaren proiektuari dagokionez, Ziztakak ez ditu ezinbesteko baldintzak ezartzen. «Kontuan hartuta, musika, antzerkia eta arte disziplina oro bere baitan hartzeko lekua behar dela, ezin du oso gune txikia izan, aldiz, hirigunean beharko luke», argitu du Alzagak. Euskara eta kultura berriz ere bazterrean geratu beharrean, Irungo erdigunean irudikatzen dute proiektua.
Kulturakada abiatzear
Anartean, Harreman Bira horren bigarren itzuli bat hasiko duten bitartean, otsailan emango diote abiada Kulturakada ekimenari. Urtarrilan pandemia zela eta atzeratzera behartuak ikusi dira. Baina Irun euskaraz eta kulturaz blaitzeko helburuarekin jarraitzen dute. Lehendabiziko hitzordua otsailaren 12an eman dute. Irungo bost artista plastikoren lanak ikusgai jarriko dituzte antolatzen ari diren museo-erakusketa ibiltari batekin.