Aste honetan AN-NUR Irungo komunitate musulmanaren eskaera kontuan hartu du Jose Antonio Santano alkateak “familiaren eskaera eta alde humanoa eta erlijiosoa ahaztu gabe”, baina Udala epaileak aginduko duena betetzera behartua dagoela argitu du.
Azaroan Bidasoa ibaian itotako migrante gaztearen gorpua identifikatu gabekotzat eman du epaileak. Eta senideek eta AN-NUR komunitateak DNA/ADN frogak eskatu dituzte, besteak beste, Ertzaintzak hasieran bildutako frogak ez dituelako epaileak ontzat eman. Eta Sohaibo Billaren senideek Burgoseko hilerri musulmanean atseden har dezala eskatu badute ere, epaileak Irungo Udalaren esku utziko du haren gorpua Blaiako kanposantuan lurpera dezan, anonimo gisa, identifikatu gabe.
Taric Archenan, Irungo musulman komunitateko kideak argi utzi du Antxeta Irratian hilerri musulmanean lurperatua izan dadin zein garrantzitsua den. “Agintariek lurperatu behar badute, berdin zaie hemen edo Burgosen egitea, bizirik eman ez dioten bakea, orain ukan dezan”.
Alkatea saiatuko da
Egoera honi buruz galdetu dio Antxeta Irratiak Irungo alkateari. Bistan denez, epaileak Udalaren esku utziko baitu gorpua lurperatu dezan. Jose Antonio Santano alkateak esan duenez, oraindik ez du agindu ofizialik jaso, baina epaileak Udalari hori enkargatuko badio, Udala legez behartuta dagoela agindua betetzera. «Legalki gorpua idenitifikatu ez duten heinean. familia eta komunitate musulmanaren eskaerari buruz, Irungo epaitegian kontsultatzeko prest nago alternatibaren bat ote dagoen kontsultatzeko», argitu du. Baina momentuz, epaileak aginduko duena beteko duela iragarri du, ez dutelako beste aukerarik.
Oroitarazi behar da, Sohaibo Billaren senideek eta komunitate musulmanak Eurodac fitxategian hatz-markak bila zitzala galdegin diola poliziari, baita ADNa bere anai-arrebenarekin konparatu zezatela edota jatorrizko herrialdean bere hatz-marken erregistroa egotekotan eska dezatela. Baina hau ez du epaileak kontenplatu.