Urtarrilaren 28an Bixintxo besten kari urteroko pilota gaualdi handia antolatu du Endaiarrak pilota elkarteak. Danborradarik gabeko bigarren urtea bada ere, pilota hitzordu nagusia berreskuratzea lortu dute, eta Covid osagarri neurri guztiekin 986 ikusle bildu ahalko dira.
Kartela paregabea da ere, Elezkano II-Zabaleta eta Laso-Imazen artekoa. Aurretik, Salaberria-Erostarbe eta Larrazabal-Salaverri promozioko partida ere jokatuko da.
Asteazken honetan hurbildu dira pilotariak Beltzeniara pilotalekuan partidarako pilota hautaketa egitera. Adituek diotenez, Hendaiako ezker pareta azkarra da, eta Elezkanok aitortu duenez, aurrelarien joko azkarrerako egoki den bitartean ederki sufritzeko modukoa da atzelarientzat. Bertan jokatu zen azken partida profesionalean, pandemia aurreko Bixintxoetako gaualdian Albisurekin aritu zen bertan Unai Laso Marizekurrena parez-pare zuela. Beraz, ondo ezagutzen du pilotalekua. «Ez dago aitzakiarik partida polit bat ikusteko, azkarra da eta tanto laburrak izan daitezke, baina Zabaletak lana emango dit ziur», iragarri du pilota hautaketan.
Gogoratu Herriko Etxeak diruzlagundutako partida denez, sarrerak 20 eurotan eskaintzen dituela Endaiarrak pilota elkarteak. Oraindik ere badira sartze txartel batzuk eskuragai. Partida egunean berean ordaindu beharko dira, baina aitzinetik erreserba daitezke norbere datuak helaraziz. Iparraldetik 0687 53 73 13 eta Hegoaldetik deituta 0033 aurretik. Emailez ere erreserba daitezke endaiarrak.euskalpilota@orange.fr