Azken asteetan bisitari andana bat erakarri duen Vindolandako Hadrianoren Harresiari buruzko erakusketa urtarrilaren 30ean itxiko du Oiasso Erromatar Museoak. Garai batean egungo Erresuma Batuan (New Castle inguruetan) erromatar inperioaren eta barbaroen arteko muga markatu zuen harresiari buruzkoak ezagutzeko, bisita gidatua antolatu dute, urtarrilaren 26an 18:00etan, Maria Millan erakusketako komisarioaren eskutik. Eta ondoren (19:00etan) Antoninoren Harresiari (138-161 k.o.), buruzko hitzaldia emango du Jokin Lanz historialari eta irakasleak. «Harresi hori Hadrianorena baino iparralderago dago, baina Erromatar Inperioaren mugetaz mintzatzeko aitzakia izango dugu hitzalditxoan» iragarri du Lanzek.
‘Kontaiguzu dakizuna’
Bestalde, ‘Kontaiguzu dakizuna’ ekimenaren baitan, hileroko azken ostegunetan, 20-30 minutuko hitzaldiak emateko tartea eskainiko dizkiete, historia, arkeologia edota egindako bidaiak partekatzeko prest diren aditu zein herritarrei ere.
Kasu honetan, bi aditu gonbidatu dituzte, urtarrilaren 27an 19:00etatik aurrera. Denis Alvarez historian doktoreak Antxeta Irratian hasi berri duen Metal Aroa izeneko heavy metala eta historia uztartzen duen irratsaioa aurkeztuko du. Eta ondoren, Oiasso Museoan praktiketan aritu izan den Noa Dadie Barronek egindako ikerketa baten berri emango du. Navajo nazioaren gobernuaren garapenaren berri emango du XVII.mendetik gaur egunera.
Hitzordu guztiak muxu truk dira, baina osasun neurriak direla eta, aldez aurretik izena eman behar da 943 63 93 53 telefono zenbakira deituz.