2021ean Gurutze Gorriak Irungo Arretxegainan kudeatzen duen trantsitoan diren migranteentzako aterpetxetik kanpo geratu ziren 222 lagun. Espainiar Estatuan urtebete baino gehiago daramaten migranteak ez dituzte bertan onartzen. Eta Harrera Sareak salatu zuenez, urtarrileko lehen egunetan ere beste bospaseik bizi izan zuten egoera berbera, bolondresek eskainitako oihal-dendetan kale gorrian lo eginez.
Aldiz, joan den asteaz geroztik, Irungo Udalak Ama Xantalengo ospitale zaharrean dagoen Zubia zentroaren Hotzaren Kontrako Dispositiboaren irizpideak malgutu egin zituen, eta Gurutze Gorriak onartzen ez dituen migranteek bertan jasotzen dituzte. Baina horretarako baimena izanik ere, Gurutze Gorriak ez die bidean laguntzen. Eta gauerdian, neguaren hotzaz jota eta Irun hiria ezagutu gabe, Harrera Sareko Gau Txoriko bolondresekin topatzen ez direnak, nekez heldu daitezke Zubia zentrora.
Horixe bera gertatu zitzaion joan den igande gauerdian Fernando Moné izeneko migranteari. Antxeta Irratian kontatu duenez, gaueko 23:15ean iritsi zen Gurutze Gorrira, eta espainiar estatuan 2020ean sartu zenez, eta ez 2021ean, aterpetxean sartzeko baimenik ez zuela jakinarazi zion aterpetxeko zaindariak. «Legea horrelakoa da», argudiatu zion bere harridurarako eskura Zubian lo egiteko baimena luzatu ziolarik. «Gurutze Gorria ni babesteko egon beharko luke, baina Irungo kaleetan eman dut gaua, martxan, kalez-kale ibilian oinean mina nuela, zeharo galduta eta hotzaren-hotzez», kexu da Fernando. Izan ere, zaindariak ez zekien frantsesez, eta ez zizkion azalpenak ulertu, eta hiria ezagutu gabe eman zuen gaua oinez eta noraezean.
Goizeko 6ak aldera topatu zuten Harrera Sareko bolondresek izozturik. Gauez zero azpitik bi gradu egin zuela dio Josune Mendigutxiak. «Gurutze Gorriak egin zezakeen gutxienekoa da, Zubia zentrora behar bezala bideratu, edo Udalak dispositibo hori martxan badu udaltzain bat horretara bideratzea», aldarrikatzen du, «eta ulertezina da ere, trantsitoan heltzen diren migranteen %95a frankofonoa dela jakinda, Gurutze Gorrian harrera egiten ari zen zaindariak frantsesa ez jakitea».