Bidasoan itotako Sohaibo Billa legez identifikatu eta atseden har dezan aldarrikatu dute

Antxeta Irratia 2022ko urt. 25a, 00:00

AN-NUR Irungo musulmanen komunitateak eta azaroaren 20ean Bidasoa ibaia trebeskatu nahian bizia galdu zuen Boli Kostako gaztearen senideen ordezkariek epaileen erabakia salatu dute. Bai haren familiak, baita Ertzaintzak lehen ikerketan ere, identifikatu egin zuten. Haatik, duela egun batzuk epaitegiak polizia espainiarrak hatz-marken bidez gorpua ezin izan zuela identifikatu jakinarazi zuen. Eta horren ondorioz, identifikaziorik gabe eginbideak ixtea erabaki du, Irungo Udalari gorpuaz ardura dadila aginduz.

Senideek Burgoseko hilerri musulmanean lurperatua izan dadin eskatu du, eta Ipar zein Hego Euskal Herriko harrera kolektiboek egindako diru-bilketari esker dirua badago horretarako. Gainera, Taric Achernan, AN-NUR elkarteko ordezkariak jakinarazi duenez, duela bi aste kale gorrian hildako Moussa senegaldarraren kasuan bezala, diru bilketak egin ohi dituzte migranteak aberriratu ahal izateko. Kasu honetan, aldiz, Burgosen atseden har dezala nahi dute, eta agintariei leku batean ala bestean berdin zaielakoan «bizitzan izan ez duen bakea, han lurperatuta eskura dezala, atseden har dezala» eskatu dute.

Anonimo gisa lurperatuko lukete

Aldiz, epailearen erabakiak hori oztopatzen du. Izan ere, espainiar poliziak hatz-marken bitartez identifikatzea behartu du. Eta epaileak hala erabakita, izenik gabe eta modu anonimoan lurperatua izango delakoaren beldur dira senideak.

Irungo Harrera Sareak ere erabakia onartezina dela salatu du. «Denok gara norbait, jakin badakigu nor den, baina mingarria da ikustea agintariek zein gaitasuna duten migrante bat ikusezina egiteko» kexu da Josune Mendigutxia, Harrera Sareko kidea.

AN-NUR komunitateko ordezkariek argitu dutenez, Europara Italiatik sartu zela baieztatu ahal izan zuten, baina Bidasoa ibaia Frantziarako bidean zeharkatu aurretik, denbora bat zeraman Almerian (Andaluzia). COVID txertoa jaso zuelarik, horren agiriak soinean zeramatzan Bidasoa ibaian itota aurkitu zutenean. Senideekin telefono zenbakia ere baieztatu ahal izan dute. Eta horregatik, Irungo komunitate musulmanak «Eurodac fitxategian hatz-markak bila zitzala, ADNa bere anai-arrebenarekin konparatu zezatela edo jatorrizko herrialdean bere hatz-marken erregistroa egotekotan» eska zezala galdegin dio poliziari, baina epaileak ez du hau bideratu ere egin.