SARE herritarrak elgarretaratzea deitu du asteburu honetan Irungo epaitegiaren aurrean, Francisco Jose Ramada Estevez ‘Bera’ Irungo presoaren egoera salatzeko. Ostiralean ospitaleratu zuten Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean, bihotzekoak jo eta lurrera erori ondoren Martuteneko patioan. Plantara jeitsi eta egoera egonkortu dela jakinarazi dute. Baina kalean egon beharko lukeela oroitarazi dute.
58 urte ditu eta 21 urte daramatza espetxean. 2020ko irailean bere zigorraren hiru laurdenak beteta zituen baina «salbuespenezko legeetan harrapatuta» dagoela salatu dute elgarretaratzean. «Ez dizkiote baimenik ematen, ezta hirugarren gradurik ere. Eta gaixotasun larria duen presoa denez, kalean beharko luke» oroitarazi du Iñigo Gebara, Irungo Sareko kideak.
Gogora ekarri nahi izan dute, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso oraindik kartzelan daudela, nahiz eta legeak esan etxean egon beharko luketela. Salbuespen legediekin amaitzeko garaia dela aldarrikatu dute.