Agiantza publikoak egiteko agerraldiak debekatuak direnez Covidagatik, Hendaiako herriko etxearen 2022ko proiektu eta xede nagusiak Antxeta Irratian jakinarazi ditu Richard Irazusta auzapezordeak. Aurten hiri-barnearen arraberritzea, bizitoki sozialen eraikitzea eta Irandatz igerileku publikoaren proiektuak dira helburu nagusiak.
Igerilekuaren kasuan, mende erdi baino gehiago du eta «hendaiar orok daki zaharkitua dela, beraz, berritu beharrean, hau eraitsi eta berri bat egiteko 18 hilabete beharko dira», iragarri du Irazustak. Horrek eskolartekoen ikastaroetarako alternatibarik gabe utziko du Hendaia. Eta Txingudi-Bidasoa Mugazgaindiko Partzuergoaren bitartez, Irun eta Hondarribiko udalei laguntza eskatu die Hendaiako Herriko Etxeak ikastaro horiek Artaleku, Azken Portu edota Hondartza kiroldegietan egin ahal izateko. Momentuz, Irungo Udala izan da baiezkoa erantzuten bakarra. Halere, ez dute oraindik nola egingo duten antolatu.
Hiribarnearen arraberritzea
Bestalde, hirierdia zahar-berritzeko helburuarekin, azken urteotan eskola publikoaren aurrealdea eta Gaztelu areto berria eta bere inguruak berritu dituzte. Baina Errepublika plaza eta inguruko kaleak arraberritzea falta da oraino. Auzoko ostalari eta komertzianteekin adostuta, 2022ko udazkenean hasi eta 2023ko ekaina artean egingo dituzte espaloi, bide eta kaleko-altzarien berritze lanak. «Pandemiaren ondorioz bi urte daramate behar bezala lan egin gabe, eta gehiegi litzake negu hontan ere halako lanak abiatzea», argitu du Irazustak.
Bizitoki sozialak
Aldiz, konponbide zaila izanagatik ere, hendaiarren premia gorrienari aterabidea bilatzeko neurriak hartzen ari dira bizitoki arazoari begira. 700 pertsona dira bizitoki sozial baten dossierra egina dutenak. Aldiz, Hendaiako etxe guztien %60a baizik ez da lehen etxebizitza. Hortaz, urte osoan zehar bizi ahal izateko etxeen kopurua emendatu nahian dabil herriko etxea. «Bizitoki sozialak eraikiko ditugu, baina ez hori bakarrik, etxebizitza hutsak identifikatu eta alokairu sozialera bideratzeko lanean ari gara ere», nabarmendu du auzapezordeak. Izan ere, Hendaiako etxe guzien %5a hutsik dagoela diote azken inkestek. Espekulazioari neurri hartu, eta gazteek alokairu pribatuaren merkatura ere sartzeko dituzten zailtasunei aterabidea bilatu nahi diote.