Joan den ostiralean Hendaiako Bidasoa Etorkinekin kolektiboko Mikel Ibarguren hendaiarra atxilotu zuen frantses poliziak, migrante batzuk Hendaiatik Baionako Pausa aterpetxera laguntzen saiatzeagatik. Bere furgonetan bost migrante Baionako Pausa zentrora eramaten zituen Bidarten geldiarazi ondotik. Gaua Hendaian PAFek (Aire eta Mugetako Polizia) duen komisaldegian pasa ondotik, larunbatean 16:00ak aldera aske utzi zuten.
Mikel Ibargurenek argi utzi du ez dela trafikatzaile bat, elkartasunez jarduten duen herritarra baizik. Berak azaldu duenez, migranteak bide bazterrean ikusi zituen Biriatuko autobideko ordaingunetik hurbil, pertsona hauen segurtasuna bermatzeko Baionako Pausa gunerat eramatea deliberatu zuen.
Irunen ere presio polizial handiagoa
Baina presio poliziala ez da soilik Iparraldean emendatu. Irungo Harrera Sareak salatu duenez, asteburu honetan, migranteak laguntzen daramatzaten lau negu hauetan sekulan bizi ez duten egoera jasan baitute. Irundar orok daki, publikoa eta agerikoa baita, San Juan plazan harrera eta informazio puntua dutela migranteei harrera egiteko.
Larunbatean, aldiz, Espainiako Polizia Nazionalak bertan bildutako 20 migrante afrikarrak identifikatu zituen. Eta haietako bat komisaldegira eraman zuten hatz-markak identifikatu behar zituztela argudiatuz.