Kasino Zaharra berehala ireki dezala exijitu dio Abotsanitzek udal gobernuari

Antxeta Irratia 2022ko urt. 21a, 00:00

2020ko martxoan pandemia hasi zenean halabeharrez itxi zenetik, Hondarribiko Kasino Zaharra adinekoen egoitzak ez ditu berriz ateak zabaldu. Abotsanitzek salatu duenez, inguruko herrietan udal eraikin eta zerbitzu guztiak berriz martxan jarri izan dituzten bitartean, «gizarte inklusioa eta adinekoen sozializazioa bermatzeko Kasino Zaharra itxita jarraitzen du pisuzko arrazoirik gabe». Are gehiago, 2022ko aurrekontuan kapitulu berezitua du Kasino Zaharrak, eta bertan irekita edukitzeak eragiten dituen kostuei erantzuteko 150.000 euroko diru partida dago.

Igor Enparanek, Abotsanitzeko bozeramaleak argitu duenez, «udalbatzetan galdetu izan dugunean ez dugu erantzun zehatzik jaso, eta 2021ean zehar behin baino gehiagotan aldarrikatu dugu udal eraikinen irekitzea ezinbestekoa dela».

Zahartze aktiborik ez

Garai bateko Satarka haur eskolak egoitza hau utzi zuenetik, 1980ko hamarkadatik betetzen du Kasino Zaharrak adinekoen egoitzaren funtzioa. Eta pandemiak gehien kolpatu dituen adineko pertsonentzako zerbitzua den heinean, itxita jarraitzen duen bitartean zahartze aktiboaren irizpideak ez direla betetzen ari leporatu dio oposizioko udal talde nagusiak gobernuari.

Izan ere, Hondarribiko Udalak 2013ko azaroan izenpetu zuen Eusko Jaurlaritzaren eskutik zahartze aktiboa bultzatzeko Euskadi Lagunkoia programaren hitzarmena. Eta 363 herritar galdezkatu ondoren, 2015ean diagnostikoa aurkeztu zuten, Hondarribia adinekoen beharretara egokitzeko. «Paperak dena eusten du, baina izenpetutako hitzarmenak bururaino eramateko kudeatzeko gai izan behar da gero», dio Enparanek.

Hondarribiko udalerrian 65 urtez gorako 4.400 biztanle daude gaur egun, eta horietatik 900ndik gora 80 urte baino gehiagokoak dira. «Adineko herritarrek neguko hotz egunetan ere ez dute non elkartu», dio Estitxu Urtizbereak, Abotsanitzeko hautetsiak, «pandemiaren ondorioz fisikoki eta psikologikoki gehien sufritu dutenak dira, eta bakardadeari aurre egin eta haien gizarte integraziorako Kasino Zaharrak irekita behar du».

Ez da Abotsanitzek exijitzen duen zerbait soilik. Kasino Zaharreko ohiko erabiltzaileak ere, kezkatuak daudela diote. Haiekin mintzatu dira, eta Udalaren partetik «ahaztuak eta abandonatuak» sentitzen dira.

Erlazionatuak