Aste honetan Irungo eta Hondarribiko alkateek Madrilen ospatzen ari den FITUR nazioarteko turismoaren azokara bisita egin dute. Urtero bezala, gure eskualdeko eskaintza turistikoa EUSKADI erakuslehioan proposatzeaz gain, udalerri bakoitzak bere helburu eta konpromisoak ditu bertan. Hondarribiko Udalaren kasuan, Erdi Aroko Hirien Sareko urteko batzarra egiteko probestu dute. Azken bi urteotan ez dute aurrez-aurre egin ahal izan, eta Hondarribia sortzailea izanik, Euskal Herriko Lizarra eta Laguardia, Espainiako Almazan, Sigüenza, Consuegra, Ciudad Rodrigo eta Jerez de los Caballeros eta Portugalgo Marvao hiriek parte hartzen dute bertan.
Haiekin hainbat proiektu eta eskaintza turistiko amankomun adostuak dituzte, eta oraingo honetan, ‘NaturRed’ izeneko produktua egituratu dute, norbere natur-ibilbidea eskainiz. Hondarribiaren kasuan, Talaia Bidea Jaizkibelen, eta Jaitzubiako padurak sustatu nahi dituzte erreklamu gisa. 25 hektarea lintzurako naturgunea, Natura 2000 Sarearen barruan dagoena, eta 250 hegazti migratzaileen bilgune eta babesleku izanik, ornitologoentzako paradisu txiki bat da.
Oiassoko termak giltzarri
Irungo Udalaren kasuan, Jose Antonio Santano alkate eta Atlantikoko Erromatar Hirien Sareko presidenteak ‘Destino Romano’ proiektua aurkeztera joan da FITURera. Gogoratu beharbaita, aurten pandemiaren ondoko ekonomia suspertzeko Next Generation europar dirulaguntzetatik, 2 milioi euroko finantzaketa lortu duela Irungo Udalak, erromatar aztarna eta baliabide turistikoen seinaletika berritu, Oiasso Museoaren digitalizazioa bultzatzeko, eta bereziki, museoaren atzealdean dauden terma erromatarrak berreskuratu eta bisitagarri egin ahal izateko.
Honek, Oiasso museoaren «nolabaiteko berrirekiera» ekarriko duela aitortu digu Jokin Lanz, museoko kide eta historialariak. Euskal kostaldeko terma erromtar bakarrak baitira, eta Oiasso hiriguneak izandako garrantziaren adierazle.