Osasun publikoaren premia gorrien aurrean, EH Bilduk lehen arretak duen arazo estrukturalaren kontra borrokatzera deitu du

Antxeta Irratia 2022ko urt. 20a, 00:00

EH Bilduk osasun publiko duina borrokatzeko deia luzatu du Bidasoa Ospitalean egindako agerraldian. Bi urteotan «jo ta ke lanez lepo aritu diren eta oraindik ere ari diren osasun langileei» elkartasuna adierazi nahi izan die Rebeka Ubera legebiltzarkideak bertara bisitan. Lesaka, Irun eta Hondarribiko EH Bilduko hautetsiez inguraturik, Osasun Bidasoa Plataformak eskualdeko ospitalearen berritze proiektua geldiarazteko daraman borroka ere sustengatu du.

Haatik, eskualdeko ospitalearen premia gorriez haratago, osasun zerbitzu publikoen oinarrian dagoen Lehen Arreta indartzeko defentsa egin du fermuki. «Ospitalera bideratu aurretik, eta eritasun ororen prebentzioan ere, lehen arretako osasun zentroak dira sistemaren sarbidea», oroitarazi du Uberak. Eta pandemiak osasungintza publikoaren gabeziak azalerazi baditu ere, azken urteetan Eusko Jaurlaritzatik eramandako «politiken ondorioz arazoa estrukturala» dela nabarmendu du.

Hortaz, inbertsio publiko gehiago, osasun langileen egonkortzea eta osasun zerbitzu duin bat lortzeko behar baliabideak eskaintzeko garaia dela aldarrikatu du: «Bizi dugun garai delikatu honetan, ez badugu orain osasun publiko duina borrokatzen, noiz borrokatu dugu?» interpelatu ditu herritarrak. Borroka horretan jarraitzeko hurrengo aukera, urtarrilaren 23an SATSE, LAB, ELA, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek EAEko hiriburuetan deitu dituzten manifestazio deialdian dago. «EH Bildu han egongo da» segurtatu du Uberak.