Lau urteko prozesu juridiko luze baten ondotik, Paueko Dei Auzitegiak berretsi egin du Baionako Prud´hommetako kontseiluak ebatzitakoa. SOKOA enpresak kanporatutako Sebastian Hiriart langileari arrazoia eman dio horrela. Ebazpenarekin batera, kanporatutako lagileari 10.000 euro ordaindu beharko dizkiote kalte ordainetan.
LAB sindikatuko Mikel Ibargurenek dioenez, «lau urte iraun duen prozedura juridiko honekin baieztatu egin da, Sebastien Hiriarten kanporatzea ez zela enpresak argudiatutako produktibitate arazo batengatik izan, beste motibo batzuk egon zirela». Erran dutenez, 2017az geroztik zuzendaritza berria lanera sartu zen, eta gobernantza eredu desberdin bat eraman delarik, langileek eskua luzatua mantentzen dute lan harremanak beste molde batez antolatzeko. Izan ere, ez da lehen aldia Sokoa enpresaren jokamoldea zigortzen dutela. Sindikatuak oroitarazi du zigor hau beste batzuen ondotik etorri dela. «Lan kodea ez errespetatzeagatik, diskriminazio sindikalagatik edota hitzarmen kolektiboa zein alde bakarreko erabakiak aplikatzeagatik». Azken urteetan SOKOAko zuzendaritza behin baino gehiagotan zigortua izan da.