Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean jakinarazi zuen, Eusko Jaurlaritzaren eskutik jasotako COVID Funtsak udalen artean banatuko zituela. Irungo Udalari 2.131.000€ egokitu zaizkio. Aldez aurretik jasotako 772.000 euroko diru-laguntzari gehituta, diru kopuru hau 2022ko udal aurrekontuetan txertatu ez izana leporatu dio EAJ udal taldeak gobernuari. «Ezin dugu maiatzeko kreditu aldaketara itxaron eta diru kopuru hori kaxoi batean gordeta euki, Udalak duen gaitasun ekonomiko osoa irundarren alde mobilizatu behar dugu, kontrakoa ez da kudeaketa eraginkorra egitea», kexu da Xabier Iridoy bozeramaile jeltzaleak.
Dunboako Poxpologile kalea berritzeko proiektua
Horiek hala, diru horren parte bat mobilizatzeko helburuarekin. Jeltzaleek dagoeneko 2022ko udal aurrekontuen negoziaketetan gobernuari aurkeztutako zuzeneketei hiru gehigarri txertatu dizkio. «Berez, eginak dauden proiektuak dira, noiz gauzatuko diren zain», dio Iridoyk. Halere, oso beharrezkoak direla nabarmendu du. Bereziki, Dunboa auzoko Poxpologile kalea (General Bergareche zenekoa) zaharberritzeko proiektua. Auzoko lurren mugimenduen ondorioz espaloiek dituzten gora-beherak eta maldak lausotu, eta irisgarritasun irizpideetara egokitzea eskatzen dute, baita lurrazpiko sanemanendu-sarea eta kaleko argiteria berritzea ere. Diru-zama handia suposatuko duenez, bi urtetan egitea proposatu dute jeltzaleek, aurten 650.000 euro bideratuz, eta gainerako 1.350.000 euroak 2023an.
Bestalde, Bidasoa ibaiaren ertzeak berreskuratzen jarraitzeko helburuarekin, Juan Thalamas Labandibar kaleko 55.ean dagoen ibai bazterreko azken etxe zaharra eraisteko lehen urratsa emateko 800.000 euroko diru-erreserba egitea proposatzen dute. Bertan bizi diren zazpi familiei etxebizitza erosi eta eraikina eraisteko. Aldamenean, aldiz, Bidasoa ibaiaren miradore edo behaleku bat eraikitzeko beste 100.000 euroko zuzenketa proposatzen dute.