Irungo EH Bildu alokairu soziala eta auzoetan bizitza erraztearekin tematu da gobernuarekin negoziaketetan

Antxeta Irratia 2022ko urt. 19a, 00:00

Koalizio abertzaleak bi ardatz nagusitan oinarritu ditu 2022ko udal aurrekontuen negoziaketa PSE-Podemos Ahal Dugu-Ezker Anitza udal gobernuarekin. Batetik, etxebizitza publikoa. Irundarren behar handienari erantzuteko premia da lehentasuna Jokin Melida bozeramaileak kontatu digunez. «Azken urteetan 6 milioi euro negoziatu ditugu helburu horrekin, eta esan genezake Irungo hiriak 1.000 etxebizitza publiko izango dituela gure ekarpenari esker», argitu du. Aurten ere horretan sakondu nahi izan dute, «gazteek duten alokairua ordaintzeko zailtasunei arreta berezia jarrita». Hortaz, gazteei zuzendutako 40 apartamenduak egitea proposatu dute, denak alokairu publikoan. Zuzenketa honen kopurua 2.833.965€-koa da, eta hiru urtetan banatuta: 2022an 93.950€, 2023an 1.245.982€ eta 2024an 1.494.033€.

Bestalde, auzoei bizitza emateko eta udal zerbitzuetara hurbiltzeko zailtasunak dituzten pertsonekin pentsatuz, «udal zerbitzuen deszentralizazioa» bultzatu nahi du EH Bilduk. Landetxan, Anakan eta Elitxun, hiru proiektu piloto proposatu dizkiote udal gobernuari, zeinetan HAZ-SAC, Gizarte Zerbitzuen harrera bulegoaren zerbitzua emango liratekeen, baita CBA udal liburutegiarekin sarean lan egingo lukeen kulturgune bat ere. Horretarako 250.000 euroko emendakina aurkeztu dute.

Era berean, 2021ean Gurutze Gorriaren aterpetxetik kanpo geratu diren 222 trantsitozko migranteak kontuan hartuta, kale gorrian geratzen dire «pertsona hauen perfila zein den argitzeko» azterketa bat egin dezala eskatu dute. Baita udal gobernuaren beste zenbait konpromiso ere. Haien artean, udalak euskararen alde jauzi kualitatibo bat eman dezala. Udaletxe kanpora zein barrura begira euskara ez dadin gehiago bigarren planoan gelditu. Konpromiso hau, udal gobernuak egiten dituen agerraldietan islatu beharko litzateke EH Bilduren ustetan, baita udal kontratuetan ere, euskara klausulen bitartez.