Bere garaian erbestea sufritu zuen eta emakumeen hezkuntzarako eskubidearen alde borrokatu zen Julia Iruretagoyena irundarra omenduz, haren izena duen berdintasun beka aurkeztu berri du Irungo Udalak. Hiriaren historian eta gizartearen eraikuntzan Irungo emakumeek lan, gizarte, ekonomia, politika zein kultur arloan egindako ekarpen aberatsa ezagutaraziko duen ikerketa bana diruz lagunduko du Udalak bi urtean behin.
Azken urteetan Parean berdintasun elkarteak egindako ildo bereko lanari esker, hainbat emakume esanguratsuren izenak plazaratu ahal izan dira. Eta Udalak kale-izendegian egindako aldaketa zenbaitzuetan poxpologileak bezalako emakume langile kolektiboekin ere berdintasunerako keinuak egin dituzte. Baina oraindik ere asko dagoela egiteko uste du Miren Etxebestek, Udaleko Berdintasun arloko ordezkariak. «Hiriko bizitaren eta historiaren esparru guztietan emakumeak izan duen eragina aztertu eta azalerazteko helburua du bekak» dio, eta zentzu horretan «emakume figura zehatz baten gainean zein kolektibo batek egindako ekarpena aztertu ahalko da» argitu du.
Ikerketa proposamenak entregatzeko epea otsailaren 14an itxiko dute, eta lana argitaratu gabea izateaz gain, beka pertsona fisiko indibidualek edo taldeek, eta Gizarte Zientzien alorreko goi zein erdi-mailako unibertsitateko titulua dutenek eska dezakete. Hautatutako proiektua martxoan jakinaraziko dute, eta bi urteko epea eta 18.000 euroko laguntza emango dute ikerketa bururaino eramateko.